GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Arabako PPko agintari nagusientzat prozedura demokratikoak edergarri hutsa dira

Gasteizko Udalbatzak kale biren izenak aldatzeko mozioa eztabaidatu eta bozkatu eta aldaketa horiek onartu zituen. Bilduk aurkeztutako mozioak, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela-eta Joan Karlos I.aren eta Sofia Erreginaren hiribideei Gernika eta Durango izenak, hurrenez hurren, jartzeko eskatzen zuen. Hala ere, hiribide horien izenak ez dira aldatuko, Javier Maroto alkateak hala erabakita. Atzokoa ez da PPko agintari batek demokrazia edergarri huts gisa ulertzen duela erakutsi duen lehenbizikoa, Maroto ez da hautetsi gehienen eskaerari muzin egin dion PPko agintari bakarra. Izan ere, joan den urtarrilean, Arabako Batzar Nagusiek «ETA ez» dioen kartela kentzeko proposamena bozkatu eta onartu egin zuten, baina Javier de Andres ahaldun nagusiak ez zion jaramonik egin legebiltzarkideen erabakiari, PPrentzat prozedura demokratikoek duten balioaren erakusgarri. Demokraziaren ikusmolde bitxi baten erakusgarri. Ikusmolde bitxia eta, batez ere, onartezina da herritarren borondatea lagun baten erabakiak gainerako hautetsienak baino hobeto ordezkatzen duela uste duten horiena. Gasteizko alkateak bere agintzeko «dohain» eztabaidaezina erakutsi zuen atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo