Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Kendu, kendu
Parafernalia asko erabiltzen nuen, eta horren eraginez umeen arreta desbideratu egiten zen. Poliki-poliki gauza gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Kentzen, kentzen... azkenean ezer gabe egiten bukatu dut!». Maite Franko kontalari irundarrak egunkari honetako «Gaur8» gehigarrian, halaxe azaltzen du kontatzerakoan izandako eboluzioa. Antzerkitik etorria kontalaritzara, horko eraginaren pean hasi omen zen kontatzen, geroago soiltasunera, hitz biluzira bidaiatuz. Eta arrazoi osoa du, soiltasunak emango baitio narrazioari izaera, kontalariari gogoeta eta entzuleari berezko irudimen bidea.
Oteizak zioen gisa eskultura biluztuz, hustuz, soberan dagoena kenduz gizakiaren arima ulertzeko bidea bilatu nahi izan zuen. Kontsumoaren eta itxurakeriaren jendarte honetan ia nahi gabe jotzen dugu betetze lana egitera. Betelanetan eraikitako jendartea eraikitzen ari gara. Gero, ordea, barne muina ezkutatzen dituzten gehigarri horiek kentzerakoan ez dugu ulertzen soiltasuna, beldurra diogu, handiegia egiten zaigu. Ipuinak kontatzerakoan soiltasunera jotzea, kentze lana egitea, ipuinaren barne muina bilatzea, bizitzarako ariketa ere bada. Lan horrek gogoetan jarriko du kontalaria, hitza eta gorputza lagun, biluzik agertuz jendearen aurrean. Eta ikuslea horrela liluratzeak eskatuko du berarekin komunikazio bideak jorratzea. Biek beren soiltasuna baino ez dute imajinazioaren bideetan abiatzeko.
Eta agian ikasiko dugu, ipuinak kontatzerakoan eta entzuterakoan bezala, gure bizitzan parafernalia asko dugula eta kentzen-kentzen saiatu beharko dugula; besteek uler gaitzaten, besteak uler ditzagun.