GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Trantsizio garaikoak gara

Trantsizio garaikoak gara. J'Hayber-en belaunaldikoak, baita Reebok zurienak ere. Petatxuz jositako txandalak «birziklatzen» genituen haietakoak ginen, eta igandeetan soilik janzten genuen arropa geneukan armairuan. Kalean ematen genuen egun osoa, baloi zahar bati ostikoka (berriak etxean gordetzen genituen-eta). Sugusak eta Palote-ak jaten genituen noiznahi eta urdaila zizareekin konpartitzera ohitu ginen. Jaunartzean «printzesaz» jantzi gintuzten eta Mario Bros «karratuaren» jolasarekin eman genien lehen aldiz eskua teknologia berriei, lehenago bi pantailatako Donkey Kong-arekin entrenatu eta gero.

Solitarioa eta «Buscaminas»-a besterik ez zeukan ordenagailuan orduak eta orduak igaro genituen eta ahoa guztiz zabaldu zitzaigun Internet zeritzon hura etxean sartu zenean.

Sarearekin «adiskidetuta» joan ginen unibertsitatera. Gaueko hamarretatik aurrera egin genituen lan guztiak, ADSLrik gabeko tarifa mantsoaren ordutegia errespetatzeko alde batetik, eta telefono deiek eteten ziguten nabigazioa ekiditeko, bestetik.

Paperean lurreratu eta sarean aireratutako kazetari bilakatu ginen orduan. Kioskoei beste orbita batean sortu zitzaien konpetentzia zuzeneko lehenengo bekadun izan ginen eta paperean egindako egunkariaren karisma eta sareak eskaintzen zituen aukera lurrunkorrak aurkitu genituen parez pare.

Kazetaritzaren lehen lurrikarekin idatzi genituen estreinako artikuluak eta lankide beteranoen lezioez eta intuizioz saiatu ginen ikasten, batetik, eta teknologiekin anaitzen, bestetik.

Trantsizio garai horren hasieran «bataiatu» gintuzten eta egonkortasuna itzuliko zen esperantzara lotuta-edo, etengabeko garapenarekin korri egitera ohitu ginen, nahigabean. Eta, konturatzerako, trantsizio garaikoak izatetik, garai soil bat osatzera pasa ginen.

Eraldaketa etengabearekin ezkondu ginen oharkabean, eta agian orain jabetu gara, zahar eta gazte, norantz doazen tintaz bete genituen hizki haiek, Solitario eta «Buscaminas» haietatik, gizartea kasik osorik txertatu den sareetara. Zuzen-zuzenean eta bihurgunerik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo