GARA > Idatzia > Kultura

Aldatuta baina harridura ikurrik galdu gabe itzuli da Eraso!

Zazpi urte dira ez duela Eraso!-k diskorik atera eta «berriz hastea bezala» izan da. Aldaketa eskatzen zien gorputzak eta «Ez gara inoiz hilko» lan berriarekin beren musikak irabazi egin duela sentitzen dute.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Hamasei urte egin ditu Eraso!-k; hamar urtetan lau disko atera zituzten zarauztarrek eta lasaitzeko aukera etorri zitzaien gero. Behar zuten. Berriro lanari ekin ziotenean beste era batera hartu zuten, «gauzak hobeto eta polikiago egin nahian», eta hala osatu dute bosgarren diskoa: «Ez gara inoiz hilko».

Taldekideek atzoko aurkezpenean ziurtatu zutenez, urteekin ez dute ez indarrik ez harridura ikurrik galdu, baina entzuleak segituan sumatuko du aldaketa. Batez ere zuzenekoetan hasten direnean, Sergio Ruiz G. Txabarrik gitarrarik gabe abestuko baitu lehendabiziko aldiz. Hala, Nestor Urdanpilletaren gitarra bakarrik adituko da Ander Izetaren baxuarekin eta Iñigo Beitiaren bateriarekin batera. «Taldeari gitarra bat kentzean zati txiki bat galduko dugu, baina beste zati handiago bat irabazi», adierazi zuen abeslariak. Bera libreago sentituko da (nahiz eta, aitortu zuen bezala, hasieran ez duen jakinen eskuekin zer egin) eta zerbait desberdina sortuko da. Beste instrumentazio bat izanen da, beste funtzionalitate bat, eta ahotsa gehiago handitzen lagunduko du horrek. «Oso inportantea da abeslari batentzat horretan sartuta egotea», azaldu zuen taldeko ahotsak.

Grabaketa ere beste era batera egin nahi izan dute. Estudio bat dute entsegu lokalean muntatuta eta interesgarria iruditu zaie bertan grabatzea, inork ez dakielako eurek baino hobeki ze musika egin nahi duten. Gero Higain estudiora jo dute nahasketak egitera, masterizazioa Mamiaren esku egon da, Gorka Lasak eta Alberto Rierak atera dituzte argazkiak... «Betiko lagunekin» bildu dira.

Sentibera eta gogor

Urteen poderioz «homogeneotasun batera» heldu direla uste dute: lehen gehiago bereizten zituzten sentiberatasuna eta gogortasuna (Eraso!-ren betiko bi ezaugarri). Ahotsa ere aldatu da, beste era batera kantatzen du orain Sergiok, «gorputzak edo kantuek» hala eskatuta.

Borobiltasunaren bila dabil talde hau etengabe eta oraingoan lortu dutela edo, gutxienez, gehiago hurbildu direla iruditzen zaie. Egin dituzten aldaketek ate berriak ireki dizkiete, sonoritate handiago batera eraman dituzte, eta hala ere, Eraso! direla nabari da.

Izenburuari dagokionez, jolas bat izan da, gaur egungo datu baseen inguruan egindako hausnarketa batetik jaiotakoa. Sarri gertatzen da pertsona bat hiltzen denean telefono deiak, mezuak eta gutunak jasotzen jarraitzen duela, batzuentzat bizirik jarraituko balu bezala. «Ez gara inoiz hilko» titulua, gainera, aproposa da hainbeste urte diskorik atera gabe egon ondotik itzuli den talde batentzat.

Autoekoitzi egin dute 36ko gerrari, beldurrei eta desamodioari kantatzen dion diskoa, Bonberenearekin. Apirilaren 12an hasiko dute bira, Bilboko Kafe Antzokian. Maiatzaren 12an Hondarribian joko dute Mikel Ugarteren omenez, eta 26an, Bonberenean. Ekainaren 2an Irisarrin izanen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo