GARA > Idatzia > Kultura

«Autogestiora jo behar dugu bertso-eskoletako jendeak pizgarriak izateko»

p048_f01_234x108.jpg

Eneko eta Estitxu Fernandez

Rimak Exkaxko taldeko kideak eta Bardoak 2012 ekimeneko garaileak

Eneko Fernandez, Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea Makuko izan dira, Rimak Exkaxko Lesakako taldearekin, Nafarroako Bardoak ekimenaren lehenengo edizioko txapeldunak bertsotan. Taldean, Imanol Lopez izan dute aurkezle eta gai-jartzaile eta Xumar Altzugarai, ordezkari.

Ane ARRUTI | LESAKA

Intzan, Lesakan, Iruñean eta Igantzin kantatu ostean, indartsu iritsi zen Rimak Exkaxko taldea Leitzan larunbatean ospatutako Nafarroako taldekako bertso txapelketako finalera. Txapelketan parte hartu duten gainerako taldeetako ordezkarien eta publikoaren puntuekin suertatu ziren garaile Iñigo Olaetxea Makuko eta Eneko eta Estitxu Fernandez. Anai-arrebek kontatu digute euren esperientzia.

Nola bizi izan duzue Bardoen ekimen berri hau?

Estitxu: Oso gustura. Lan handia eskatu digu, azkenean autogestiotik dexente du eta ez bakarrik gure saioak antolatze aldetik, guri ere bertsolari bezala entrenatzen hasteak, elkartzeak... Azkenean talde bat da eta agurra ere aurretik prestatu behar zen puntuatzen zelako eta konplizitate hori ere landu egin behar da. Bertsoen aldetik, Eneko bertso-eskolara joaten da Baztanera, baina ni eta Makuko ez. Behar genuen elkartu. Lan eta konpromiso handia eskatu digu, kontuan hartuta ez garela herri berean bizi. Baina ematen du satisfazio handia ere. Anaia eta lagunak elkartzea, astero hitzordutxoa izan, irriak egin eta gero gainera ikustea horrek bazuela erantzun polita plazan eta ikustea bakoitza gure mugak gainditzeko gai garela. Taldean aritzeak hori du, baduzu norekin partekatu zure esperientzia hori... kristorena da. Egia da norberak bakarrik egiten duenean ere satisfazio handia dela, baina ez duzu norekin partekatu.

Eneko: Alde ona hori du, elkartzea. Gure kuadrillan leku diferenteetan bizi gara eta hagitz gutxi elkartzen gara. Makukok ere badu semea eta arratseko 21.30etik aitzinera libratzen zen. Donostiara joan aste tartean, honat etorri goizeko 02.00etan, hurrengo egunean lanera... Hasieran joaten ginen Iruñera hango talde batekin elkartzeko, gero Berara... Baina azken asteetan nahikoa lan, gu elkartzen.

Estitxu: Nik eraman dut agian ongien, momentu honetan langabezian nagoelako, baina beste biek oso ongi eraman dute.

Agurretan esfortzu berezia egin duzue, ezta?

Eneko: Bereziak izan dira. Asmatuz gero, jendeari aunitz gustatzen zaio eta zuk ere disfrutatzen duzu agur horiek egiten. Ez genuen musikaririk ez deus taldean eta gure errekurtso bakarra hori zen, musikaren bidez egitea. Uste dut asmatu dugula zentzu horretan. Ez genuen usteko horretarako gai izango ginenik.

Estitxu: Agian norbaiti ez zitzaion gehiegi gustatuko, baina gehienei, aunitz. Antzerkitik pixka bat badu eta ez dugu erridikuluaren sentsaziorik izan. Badugu odol folkloriko hori. Finalean ongi geratu zen, baina beste saiotan hobekiago nik uste, formatu txikiko saioak zirelako. Afari giro batean hiru txotxolo ateratzea pelukekin... horrek saioa sekulako indarrarekin abiarazten du. Finala beste plaza bat zen, 500 pertsona, hotzagoa, baina hasieratik ikusi genuen jendea txalotzeko prest zegoela.

Elkarte eta ostatu giro horretatik pilotalekurakoa salto handia izan al da?

Eneko: Hori komentatu genuen gure artean. Zuk sortzen baduzu elkarte giroko txapelketa bat jendea animatzeko, gero finala iritsi eta paratzen badituzu 500 pertsonaren aitzinean, alde handia da. Ez dakit ekimen horren espiritua hausten den edo ez. Baina, bueno, ni han bertan gustura sentitu nintzen eta txapelketa osoko saio lasaiena izan zen niretzat.

Estitxu: Nik uste dut egin behar dela ahalegin berezi bat, ekimen honek jarraituko badu hemendik bi urte barru. Ahalik eta jende gehien mugitzea da helburuetako bat, bertzenaz ez dakit zertarako egiten dugun. Bertsoaren inguruan dabilen jendea mugitu nahi dugu, baina jende horrek badu inguru bat, behar bada hagitz bertsozalea ez dena, eta inguru hori mugitzeko gaitasuna eduki behar dugu. Elkarteetara mugitzen badugu, oso ongi, baina finala horretarako dago, mugitu diren guztiak azken egunean elkartzeko. Finalak behar du izan handia. Leitzan lortu zen, ahantzi gabe espiritu hori. Jendea bertze giro batean zegoen, eta hagitz garbi ikusten da, adibidez, Etxarriko jarraitzaileekin. Hori Nafarroako final guztietan nabaritzen da, baina honetan bereziki. Hala ere, uste dut jende gehiago erakartzen ahal zela. Agian, publizitate aldetik ez dugu asmatu, ez zait iruditzen hagitz zabaldu denik. Lehenengo urtea izan da eta egingo dugu balorazioa.

Ekimen hau abiatzea apustu handia izan da, Arabako Kuadrillen eredua hor zegoen, kontrako ahotsak ere baziren. Orain bukatuta, zein balorazio egiten duzue zuek?

Eneko: Egia esan, elkarteko eztabaidetatik pixka bat aparte egon gara gu. Kontrako ahotsena uste dut gehiago izan zela betiko txapelketa urtero edo bi urtetik behin egin behar al zen eztabaidatu zenean. Behin hori erabakita, zerbait egin beharra zegoen. Niri hagitz egokia iruditzen zait formatua eta inguruan dudan jendea aski kontent dago. Txapelketetan aritzen den jendea ere gustura zegoen txapelketa urtero ez izateaz, horrek eskatzen dienarekin.

Estitxu: Bazkideen iritzia kontuan hartu zen bi urtetik behin egiteko erabakian. Hori izan zen erabaki latzena, baina gehiengoak erabaki zuen.

Eneko: Ez dakit epe motzera ikusiko den emaitza, baina salto kualitatibo bat ematen du, bertsotara bai baina baita lanera hurbilduko den jende kopuruan. Gai-jartzaileak, bertso-eskolak indartuko dira. Honetaz gain, Nafarroako txapelketa batek badu final handi bat, baina bertze saioetara ez da jende gehiegi joaten, eta izaten dira 6-7. Hemen izan dira 23. Leku aunitz gehiagotara iritsi da. Gu Intzan izan ginen adibidez, 50 lagun elkartu ginen eta herri horietara ez da sekula txapelketako saio bat joan.

Zuen taldea izan da, nolabait, ekimenak erakarri nahi zuen jende motaren «eredu»: Eneko hasiberria, Iñigo final askotan kantatu duena, Estitxu esperientziaduna baina aspaldi bertsotan aritu gabea...

Estitxu: Gure ezaugarri nagusienetako bat kuadrilla berekoak izatea da. Beste talde batzuk arrunt artifizialak atera dira. Beti saiatu dira lotura bat lortzen, baina ez da erraza. Oso garrantzitsua da konfiantza eta elkartzeko motibazioa. Oreka bat egon da gure taldean. Agian ez gara brillanteenak, baina hanka sartze gutxi egin ditugu eta horrek eraman gaitu finalera. Bada osagai emozional-psikologiko bat. Etxarrikoek ere badute hori eta Erauntsikoek baita.

Eneko: Aukera aunitz genuen edonork edozein ariketa egiteko. Besteak lotuago zeuden.

Estitxu: Balorazioan hori ere aztertu beharko da. Atera da jendea bertsoa bukatzeko zailtasunak izan dituena. Baina muga non jarri...

Eneko: Nork esaten dio norbaiti ez dela ateratzeko gai? Azken finean, jende guzti honek segitzen badu, bertze mota bateko txapelketa egin beharko da. Gauza bat da denek izatea parte hartzeko aukera, baina produktu on bat saldu behar duzu, eta hor zalantzak ere badira.

Agian goizegi da, baina datorren urtean zer?

Estitxu: Nik 26 urterekin utzi nion txapelketan kantatzeari, badira hamar urte. Zortzi txapelketatan hartu nuen parte eta 18tik 26ra bertsotan aritu nintzen plazaz plaza. Orain Bardoetan atera naizelako ez dut uste honek tentatzen nauenik. Gauza bat da taldeka ateratzea eta bertze gauza bat txapelketa indibiduala prestatzea. Gainera, atera nahi baduzu, pentsatzen dut bertsolari sentitzen zarelako izango dela. Nik ez dut inongo asmorik plazaren bat egiteko. Baina Nafarroan bada beste osagai bat, bertako bertsogintza bultzatzeko konpromiso hori. Horretarako bai, atera ninteke, baina ez dut ikusten nire burua. Gainera gaizki pasatzen dut.

Eneko: Nik momentu honetan erranen nizuke ezetz. Baina bada beste puntu bat, motibazioarena, ez zurea bakarrik, ingurukoena ere. Finalaren ondoren batek esan zidan berak bazuela intentzioa, motibaziorik ez badago hagitz monotonoa egiten zaiola bertso-eskolara joatea. Honek piztu digu zerbait eta ikusiko da.

Estitxu: Egia da Nafarroan txapelketaz kanpo ez dagoela ia saiorik. Begira Makuko, azken final ia guztietan egon da eta saio hagitz gutxi ditu, eta horrela gehienak, Julio eta Silveira kenduta... Denentzako ez dago plazarik eta kanpotik ere jende aunitz etortzen da. Nahi baduzu jendea bertso-eskoletan mantendu, behar duzu motibazio bat.

Eneko: Balio izan du jendea ezagutzeko, bertso-eskolen egunak ere egin dira, eta balio du gure kabuz autogestioko saioak edo desafioak sortzeko. Pizgarriak piztu behar dira bertso-eskoletako jendearentzat.

 
LANA

«Honelako ekimen batek lan eta konpromiso handia eskatzen du antolatze aldetik eta bertsolari bezala ere bai. Baina satisfazio handia ere ematen du»

OREKA

«Gure ezaugarri nagusienetako bat kuadrilla berekoak izatea da. Oreka bat egon da gure taldean. Agian ez gara `brillanteenak' baina hanka-sartze gutxi egin ditugu eta horrek eraman gaitu finalera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo