GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Amets barik, lorik ez

Ospakizunak bata bestearen atzetik datoz udaberri berritu honetan. Batzuk ez ohikoak, greba orokortua kasuko, nahiz eta aurrera begira gero eta ohikoago bihurtu daitekeen, edozein sasoitan ohikoa ere. Beste batzuk, ostera, ohikoak, garaian garaikoak; lastima ez dela berdin gertatzen ortuko produktuekin!. Tira, harira!. Horra, kasurako, prozesioak, garai honetan han eta hemen ikusiak, errepidean gehiago kalean baino. Errepidekoetan jendea kawenka, kalekoetan, berriz, santuei goraka; hori bai, kasu bietan eskuak gora begira. Bai, prozesio garaia, santuek argia ikusteko garaia bera, kaputxadunek kalea hartzen dutenekoa, lau eta danborra izanda ere, zaratatsu; kale-orroka, edo. Euskal Herriko Itzulia ere hortxe, oraintxe. Kanpotar batek pentsatuko luke errepublika datorrela itzuliarekin batera, baina ez, momentuz behintzat ez, itzulpen kontua baino ez; hori bai, tropela ihes eginda dator, atzean aleren batzuk utzita anoa-postuan. Eta etorbide honetan Aberri Eguna, biodibertsoa bera ere, nork bere tropela eta bidea. Batzuentzat dinamikoa, mugimendua gauzatu eta aldarrikatuz, aldatsean ere, eguneroko bideari eutsita, sitsek hitzak jan ez ditzaten. Beste batzuentzat estatikoa, ordekan beti, mahai baten bueltako giroan, urtean behingo hiztegia hizpide, egun batez sitsak astinduta. Eta biharkoak biharko, edo.

Bai, kanpaina abian ei da. Ez, ez nago antxoarenaz, Ajuria Enerakoaz nago. Boto-kalalekuak zabalik. Hortaz, jelkide jeltzale batek esana du, ezker abertzaleari begira, batzuek marisorginarena egiten dutela. Hauxe kolpea! eta zer demontre egiten du zer horrek?. Wikipediara jo behar izan dut iluna argitu gurarik. Urte beteko bizi-aldia baino ez omen du, marisor- ginaz nago; onuragarria ei da izakientzat eta ez omen du gatibu bizi nahi, marisorginaz segitzen dut. Beraz, zein izan da tovarisch horren mezua?. Jainkoak berak baleki!. Ama, ama! Zer inportante den bulegoan ispilu bat izatea, nork bere burua hortik ikusteko, behintzat. Orduan ikusiko lukete bizkarroitan nork-nor. Eta Confebask aipatu dudala, plaza bat etorri zait burura. Sintagma du izenak eta Atenasen izana. Hantxe egin berri du bere buruaz beste jubilatu batek, egoeraren zama ezin jasanik. Altzifre baten ondoan egin ere. Altzifrea hor, haritza hemen, olibondoa han... greba egunean irakurri nuena gogoan: ez bagaituzte amets egiten uzten, ez ditzagun lo egiten utzi. Gogoan!.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo