GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ELKARRIZKETA | Alex TXIKON, mendizalea

«Hegoaldeko horma horretan eginiko lana goraipatzekoa da»

Lemoarrak eta bere taldekideek lan bikaina egin zuten Gasherbrum I mendian. Hegoaldeko paretan bide berria zabaldu zuten eta tontorretik oso gertu geratu ziren. Hala ere, azken emaitza oso txarra izan zen, besteak beste, Gerfried Göschl, Cedric Hälhen eta Nissar Hussein bidean geratu zirelako. 75 eguneko espedizioa izan da, eta Txikon oinetan izozketak dituela itzuli da.

p050_f01_337x200.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Alex Txikon Zaragozako MAZ erietxean harrapatu dugu. Ez ditu izozte larriak, baina egun batzuk han egin behar ditu zauri horiek osatzeko. Aurreko kronika batean aipatu genuen espedizio horrek eman zuena. Oraingo elkarrizketa honetan, berriz, Txikonek bi hilabete horietan G-1 mendian egindako lanaz hitz egin dio GARAri.

Aurtengo espedizioak bi aurpegi arras ezberdinak izan ditu. Batetik, zure hiru espediziokide desagertu ziren. Eta bestetik, kirol ikuspuntutik, hego aurpegian bide berria zabaltzeaz gain, tontorra nahiko eskura izan duzue. Bi aurpegi horiek nahastu ondoren, zer-nolako hausnarketa egiten duzu?

Lehenik eta behin, aipatu behar dut G-I mendian bi talde izan garela. Eta horietako batek, poloniarrek osatutakoak, gailurra erdietsi du. Horrela bada, sakon begiratuta, aitor dezaket gu izan garela galtzaileak. Eta hori gutxi izango balitz, hiru lagun han utzi ditugu. Galdera asko erantzun gabe daude. Ez genuen tontorra zapaldu. Zergatik ote da? Bada, galdera batzuei zaila da erantzutea.

Bestalde, guk hego aurpegi horretan egin dugun lana uste dut goraipatzekoa dela. Espedizioaren alde baikorra hori izan da. Bide edo aldaera luze berri bat zabaldu dugu neguan. Marra ederra da, zailtasun teknikoak ditu, azken luzeak tenteak dira oso... Eskalatu behar den marra da; ez da txantxetakoa. Eta, zoritxarrez, hiru lagunen desagerpenak hori guztia itzalean utzi du. Alpinista batzuk gauza politak egiten ari dira, baina zortzimilakoetan neguan ia ez dago mugimendurik. G-I mendiaren maldetan, hamar urte beranduago, aldaera berri bat egin da.

Hemendik ikusita, iruditu zaigu zuen espedizioan Carlos Suarez eta zu autonomoak izan zaretela. Hots, bi talde osatu zenituztela.

Hala da. Babesle eta diru kontuak zirela medio, bi taldetan banatu ginen. Hala ere, horrek ez du esan nahi talde modura ez dugunik lanik egin. Carlosek bere pelikula egin nahi zuen, eta batez ere harekin egin dut lan. Carlosek 12 urte zeramatzan zortzimilakoetan egon gabe, eta ehuneko ehuna eman du. Biok ala biok egin dugun lana kristorena izan da. Gu 2 lagun, eta besteak, 5. Datu bat. 2.200 metro soka finko jarri genituen. Carlosek 400 metro (batzuen batzuk tarte zailetan) eta nik beste 500. Ez gara geldirik egon!

Lan kontuak zirela eta, Suarez etxera itzuli zen. Gero, gailurrerako behin betiko saioa iritsi zen. Zure taldekideak ez bezala, zu egun bat beranduago irten zinen. Saio hori ez al zenuen oso argi ikusten ?

Zirt edo zart egin behar genuen. Saio hori baino bi egun lehenago iragarri ziguten oso tarte txiki an izango genuela eguraldi ona, eta batez ere han goian haizea egingo zuela. Denbora asko generaman mendian, eta egia esan behar badizut, ez nuen oso argi ikusten.

Horrek esan nahi du eguraldiarekin zorte pitin bat izanez gero, helburua lortzea oso-oso gertu izango zenutela. Hots, egingarria izango zela, ezta?

Bai, hala da. Baina gai horretan hainbat alderdi aztertu behar dira. Nik uste dut taldekide guztiok elkarrekin atera izan bagina, agian, azken emaitza beste bat izango zela. Ondo antolatuta eta gauzak ondo eginda. Azkenean, Tamararekin abiatu nintzen, baina buelta erdi ematea erabaki genuen nire laguna hotzak akabatzen zegoelako. Gutxi gorabehera, 7.300 metrora jaistea erabaki genuen.

Kanpaleku nagusitik plateaura zuzenean igo nintzen, 9 ordu eta erdiko igoera izan zen! Oso indartsu nengoen. Gainera, kristoren gaua egin zigun. Baina, jakina, Tamara ezin nuen bakarrik utzi. Bederen, jaisten ari ginela Hego Gasherbrum (7.069 m) igotzea erabaki genuen, eta lortu ere.

Arestian aipatu dugu bide edo aldaera luze berria zabaldu duzuela. Alabaina, zailtasun tekniko horiei buruz ez dut ezer entzun.

Arrazoia duzu. Gure lagunak han geratu direla, Carlos lehenago itzuli zela... Bada, oraindik horren guztiaren inguruan ez dugu hitz egin. Bideari edo aldaeraren izenaren inguruan ere ez dugu ezer argitu. Gainera, horren guztiaren inguruan Louis Rousseaurekin (iazko espediziokidea) hitz bi egin behar dugu. Oso zaila da datu zehatz batzuk ematea; besteak beste, zortzimilako batean egindako neguko jarduera bat delako. Eta den-dena argi eta garbi uztea zaila da oso.

Hegoaldeko pareta hori gaindituta, gailurrerako bidea (plateaua eta ertza) askoz ere errazagoa izango da, ezta?

Inolako zalantzarik gabe, bai, askoz lasaiagoa da. Kontuan hartu behar da hortik, besteak beste, aragoiarrak, Hamor eslovakiarra, Morawski poloniarra... pasa direla. Horren guztiaren inguruko informazioa bagenuen.

Eguraldiaren eta paretaren baldintzei dagokienez, iazkoarekin aldea egon al da?

Aurten, hasieran, nolabaiteko mikroklima izan genuen. Baina, ondoren, dena izorratu egin zen. Mendian, iaz, eguraldi kaskarrarekin egin genuen lan, baina aurten, are kaskarragoarekin. Ekaitzak, haizete bortitzak... izan ditugu.

Paretaren baldintzei dagokienez, aurten elur gehiago zegoen, baina tarte batzuetan azukre modukoa. Eta hori 70°ko aldatsetan oso deserosoa zen. Kontuan hartu behar dugu azken hiru luzeak oso tenteak zirela. Eta horretaz gain, izotz gehiago aurkitu dugu.

Poloniarrek helburua lortu zuten, eta zure taldekideak gertu izan ziren. Zuen bidearen azken tartea ertz bat zen eta, jakina, haizearekin aurrera egitea oso gogorra da. Poloniarrekin alderatuta, gakoa hor egon al daiteke?

Bai. Nire lagunak 12.30 aldera ikusi nituen azkenekoz; gutxi gorabehera, 7.700 metrora. Haizeak gogor jotzen zuen; garaiera horretan uste dut 80 kilometro ordukoa izango zela. Eta hotza, bada, pentsa ezazu!

Zer diozu poloniarrek bide klasikoan eginiko lanari buruz?

Oso lan ona egin zuten. Bi lagunek gailurra zapaldu zuten, baina uste dut espedizioburu Artur Hajzerren lana gakoa izan dela. Egundoko eskarmentua du lan horietan eta taldea ondo baino hobeto zuzendu du. Eta, jakina, bere taldekideek ondo baino hobeto bete dituzte Hajzerren aginduak. Ez dute akatsik egin. Garaieran gau asko pasa dituzte, glaziarra oso-oso gaizki zuten... Bederen, japoniarren korridorea nahiko lehor zuten.

Poloniarrek bide klasikoa aukeratu eta helburua lortu zuten. Zuek, aldiz, bide berri bat zabaldu, baina tontorrik gabe geratu zarete. Zeri ematen diozu garrantzi handiagoa?

Bada, zaila egiten zait galdera horri erantzutea. Guk hego paretan egin dugun lana oso ona izan da. Poloniarrek, berriz, egin beharrekoa egin dute. Eta berriro diot Hajzerren lana goraipatuko nuke; ez dute akatsik egin. Neguko jarduera bat izan denez, poloniarrek lortutakoa garrantzizkoagoa da. Hori bai, udaran izan balitz, garrantzitsuagoa guk egindakoa izango zen. Nahiz eta tontorra ez lortu, garrantzi handiagoa emango nioke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo