GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Munduko bodyboard zirkuitua

Mitch Rawlins garaile bigarren proban

Grand Slam Series zirkuituko bigarren proba irabazi du australiarrak.

p054_f01_184x84.jpg


 
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Martxoaren 26tik apirilaren 4ra jokatu zen Australia mendebaldean munduko bodyboard zirkuituko bigarren proba. Grand Slam Series izena du maila goreneko zirkuituak eta iaz bildutako puntuen arabera goi mailan egotea lortu dutenek soilik osatzen dute itzulia.

Mutilen kasuan 24 lehiakide dira zirkuitua osatzen dutenak; nesken kasuan, berriz, hamar. Txapelketei dagokienean, aldiz, mutilen itzulian aurten zortzi txapelketa egingo dituzte denera; neskek, bien bitartean, bost.

Bai mutilek bai neskek Pipelinen eman zioten hasiera otsailean goi mailako itzuliari. Jeff Hubbard hawaiiarra izan zen mutilen artean irabazlea. Modu horretan, Pipeline ezin hobeto ezagutzen duen lehiakide hawaiiarrak bigarren titulua eskuratu zuen bertan. Nesken kategorian, berriz, Isabela Sousa brasildarra izan zen garailea.

Mutilen zirkuituko bigarren proba Australia mendebaldean jokatu zen, The Box eskuin olatu indartsuan. Bertan, Mitch Rawlins australiarrak irabazi zuen txapela, bere etxetik gertu.

Margaret River olatu famatuaren ondoan dago The Box, ibaiaren beste aldean. Esperientzia handiko surflarientzako olatua da, izugarri zaila baita. Hori bai, bodyboardzaleentzat leku bikaina da.

Mark McCarthy hegoafrikarrarekin izan zen buruz buru finalean Rawlins. Bi metroko olatuak izan zituzten, tubo bat eta amaiera ariketa bat egiteko aukera ozta-ozta ematen zutenak. Rawlinsek zukua atera zien hartutako olatuei. 2006tik txapelketa ofizial bat irabazteke izanik, sekulako garaipena izan zen beretzat.

Alex Uranga zumaiarra gogor lehiatu zen, baina munduko lehiakide onenak arerio izanda ez da batere erraza emaitza onak lortzea. Final zortzirenetan kanporatu zuten. Bi australiar eta hawaiiar baten kontra egin zuen azken txanda, eta, hirugarren postuan geratu zenez, kanporatu egin zuten.

Aipatzekoa izan zen Jacob Romero hawaiiarrak egindako txapelketa bikaina, trialsetatik hasi eta finalerdietara iritsi baitzen. Azkenean, Rawlins berak kanporatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo