GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

«Denean dantxoa, ene gizontxoa»

 

p054_f03_97x88.jpg

 

Olaturik ez den egunetan surf egiteari ez diot zentzurik aurkitzen, baina antza, gehiengoarentzat zentzurik ez duena olatuak dauden egunetan surf egitea da. Itsaski handi eta txikietan itsasoan izaten den zomorro kopurua zenbatu eta konparatu besterik ez dago, diodana, nire ohiko iritzi petral bat baino, datu objektiboa dela egiaztatzeko.

Urautsietan izaten den jende pilaketen afera eztabaidagai izan ohi da sarri eta askotan arazo guztien iturburuan kokatzen da gainera. Oso erraza da gaitz guztiak jende pilaketen ondorio direla esatea, errua besteei botatzeko modu erraza baita.

Guillaume Barucq Baionako larrialdi zerbitzuetako traumatologoa, surflaria bera, «Surfers' Survival Guide» liburuaren egilea da. 2006ko udan Ipar Euskal Herriko hondartzetan izan ziren surf istripuak aztertu ostean, datu benetan interesgarriak argitaratu zituen.

Besteak beste, Guillaumek dioenez, soilik istripuen %17 izaten dira surflarien arteko talken ondorioz. Istripu gehienetan (hirutik bi), norberak bere taularen kontra hartzen du kolpea. Gainera, lautik bat, istripu larria izaten da. Lepoko hezurretan, begietan, aurpegian eta buruan egindako zauriak izaten dira ohikoenak.

Surf aldizkarietan datuok sarri erabili izan dituzte istripuak masifikazioaren ondorioz ematen direla esateko, eta, hala, edozer esanda ere entzundakoa errepikatzeko hezi duten hiritar onak, argudio gisa erabiltzen ditu egun, esandakoak zentzurik ba ote duen ere erreparatu gabe. Gehiengoarekin dagoenak beti baitu arrazoi: «Neu nagusi ala muturrak hausi!».

Baina Guillaumeren datuak zer dioten apur bat hausnartuz gero, istripu gehienetan erantzule eta kaltetu nagusia norbera dela ondoriozta daiteke. Eta errudunak bilatzeko ohiko ohitura kristau anker horretan, erantzukizuna gainetik kentzeko norbanako zehatz bat baino gizatalde konplexu bat kondenatu nahi bada, bestelako argudioak asmatu beharko dira, datuek errealitatea garden islatzen baitute: istripuen %83 norberak bakar-bakarrik hartutako takatekoren bat izaten dira.

Lehen ez ginen askoz gutxiago urautsian, aldatu dena surfa egiteko eta ulertzeko modua da. Surfa, beste edozein kirol bezala, ikuspegi lehiakor eta erasokor gisa ulertzen da egun, eta, horrela, gainontzeko surflari guztiak arerio bilakatzen dira. Besteak dira dena gaizki egiten dutenak.

Olaturik ez dagoenean surf egitea maite duenak, itsasoa, gizakia bezala, menderatu behar dela uste duenak, kaleko arazoekin itsasoratu nahi duenak, ez du inoiz olatu artean gozatuko eta errudunak beharko ditu, ezinbestean. Beraz, esaerak dioen moduan, daukanarekin konformatu beste erremediorik ez du: «Denean dantxoa, ene gizontxoa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo