GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Erostismoa zer da ba

Basauriko Euskarabila elkarteak Ipuin Erotikoen XVII. Lehiaketa antolatu du. Aukera polita da idazmena lantzeko, aukera ezin hobea norberaren irudimena hegan jartzeko. Hain gutxitan egin ohi dugun hori, benetan egin, geure buruak noraino eraman gaitzakeen beldurrik barik. Gustatzen zait pentsatzea une honetan bat baino gehiago ariko dela hitz bila, esaldiak harilkatzen, deskribapen zehatzegiak egin ala ez egin hausnartzen, istorioari beste buelta bat emateko era zorrozten, edo, agian, barruan duenaz jabetuta, harrituta, edo, batek daki, bero-bero dutxapean sartuta. Ez da astelehenari ekiteko modu txarra, ez horixe.

Gustatzen zait pentsatzea ekintza horretan, asmakizun, irudimen, hizkuntz ekintza horretan, emakume zein gizonak ariko direla. Biak ala biak, norberaren barreneko munduari so eginez, kontatu nahi duena ateratzeko bidean bakarrik eta aske. Aske eta egoskor, ziurrenik, ipuina ez baita batere genero erraza, eta erotismoa hitzetan jartzea are eginkizun zailagoa delako. Erotismoa zer da ba, zer da zuretzat, zer niretzat, zer beste harentzat. Erotismoa oso gauza pertsonala da, norberaren sexualitatea bezainbeste.

Sexualitateak, ordea, aurpegi bakarra izan du luzaroan. Bakarra eta mugatua. Gizonarena, gizon heterosexualarena, hain zuzen, gizon horren desio eta irudimenean ardaztua, sexu-grina, sexu-ametsak, sexu-bizitza izateko eskubidedun bakarra balitz bezala. Animalia sexualaren baldintza erabat onartuta, animalia sexual bakarra bera. Emakumeon papera nahitaezko eragilearena, alegia, sexu-grina, amets eta bizitza garatu ahal izateko beharrezko beste gorputza. Sekula ez eragile aktibo, parte-hartzaile, ekimentsu, iradokitzaile. Jendarteak ez zuen horrelakorik onartzen, eta errefusatzeko eta sexualitatearekiko bestelako jarrera erakusteko ausardia zuen emakumeari, eta gizonari, jakina da gainera zetorkiona: biraoa, bazterkeria eta gaitzespena. Nahiz eta, ezkutuan eta hipokresia soinean, desiratuak eta bilatuak izan. Sexualitate bakar horren izenean izugarrizko triskantzak egin dira pertsonen bizitzetan, belaunaldi bat baino gehiagorengan. Pixkanaka, atera gara iluntasun eta gezurretik, aurrerapen handiak egin dira alor horretan, gizaki ororen esparru garrantzitsu horretan, eta egun jakina da maitatzeko modu asko daudela, harremanetan egoteko aukera bakarra baino gehiago, sexu-harremanak norberaren aukerak direla, norekin, nola eta noiz inposa ezina dela. Eta, batik bat, gizon heterosexualak ez ezik, bestelako gizon eta emakumeok ere badugula sexu-grina, amets eta bizitza, eta guztionak ez direla berdinak, ez horixe, eta eskerrak!

Horregatik, gustatzen zait pentsatzea halako lehiaketa batek aukera ematen digula eseri eta, gure barneari so, lotsa barik, ipuin erotiko pertsonala sortzeko beta hartzeko. Tarte horretan, ondo pasatzeko, gorritzeko, berotzeko, burua puskatzeko edo geure buruaz harritzeko. Behintzat, norberaren erotismoan sakontzeko. Gustatzen zait pentsatzea, bidaia horretan, gizon bezainbeste emakume ariko direla une honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo