GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ABERRI EGUNA 2012: INDEPENDENTISTAK

500 urte eta gero, gazteak askatasuna berreskuratzeko prest

Nafarroako konkistaren 500. urteurrenean gazteak Euskal Herriaren askatasuna berreskuratzeko prest daudela aldarrikatu zuten larunbatean Lesakan. Euskara, lurraldetasuna, feminismoa eta langile borroka berreskurapen prozesuan oinarrizkoak izango direla aldarrikatu zuten.

GARA | LESAKA

Euskara, lurraldetasuna, feminismoa eta langile borroka izan ziren Gazte Martxak larunbat gauean Lesakan egin zuen ekitaldi nagusiko ardatzak. Topatu.info webguneak azaldu zuenez, zazpi herrialdeetako euskalkiek lurraldetasuna eta herri bakarra irudikatu zuten. Ondoren, emakumeek historian zehar jasandako itzalpea atzean utzi eta argitasunera egin zuten salto, sardeak eskuan hartuta eta kolore morez bustiz. Horrekin batera, sistema kapitalista patriarkalaren aurrean burujabetzaren beharra azpimarratu zuten, zapaldutako langileek borroka bateratuari ekin ziotenean.

Nafarroako Konkistaren 500. urteurrenaren harira, herriz herri ezkutuko historia eskura jartzen ibilitako gazteek hartu zuten hitza, «pertsona askez osatutako herri librea eraikitzeko hautua» egin dutela adieraziz.

Lesakan egoterik izan ez zuten gazteen ahotsa ere presente izan zen. Hala, duela bi hilabete espetxeratuko Nahia Lacroixen gutuna irakurri zuen berarekin atxilotu zuten Audrey ahizpak. Bordele inguruko Gradinhan espetxetik egunez egun bakoitzak bere esparruan lanean jarraitzeko deia luzatu zuen Nahia Lacroixek.

Jalgi Hadi Garaipenera! ekimeneko eledun Elorri Arin eta Aitor Martinezek, berriz, Madril eta Pariseko gobernuei blokeo egoera gainditu eta konponbiderako pausuak emateko deia egin zieten.

Europako beste herrietatik Gazte Martxara etorritako ordezkariek ere -Irlanda, Eskozia eta Herrialde Katalanetakoak- parte hartu zuten Lesakan egindako ekitaldian. Euren askatasunaren alde borrokan aritzen diren herrietako aldaketa politiko eta sozialetarako motorra gazteria dela nabarmendu zuten guztiek.

«Nafarroako konkistaren 500 urte betetzen direnean, herri honen etorkizuna landu nahi dugun milaka gazte bildu gara hemen. Baina argi dugu, horretarako, ezinbestekoa dugula gure historiaren jabe eta jakitun izatea. Eta historia hori, etengabeko zapalkuntzen historia baino ez da. Gure lurrak urratu, hizkuntza desagerrarazi, emakumeak gutxietsi eta langileak kateatu dituen zapalkuntza ugariren segida», nabarmendu zuten Arin eta Martinezek, 500 urte eta gero gazteria borrokaren sua mantentzeko hauspoa izateko prest dagoela gaineratuz.

Foruzainen kontrola

Larunbat gaueko jaiaren ondoren, atzo goizean goiz autobusetara igo ziren gazteak Iruñera joan eta Aberri Eguna ospatzeko. Halere, foruzainen kontrola pasa behar izan zuten N-121-A errepidean, Burutain inguruan, martxan parte hartu zuten gazteek Twitter bidez salatu zutenez.

Dena den, oztopoak oztopo, gazteak ere Iruñeko Aberri Eguneko olatu berdearen parte izan ziren, ostegunean bustitzen hasi ziren motxila eta guzti gainera.

IRUÑEAN ERE

Iruñeko Trinitarios orubean Aberri Eguna dela-eta antolatutako ekitaldian parte hartu zuten gazteek, Euskal Herriaren independentziaren aldeko dei propioa eginez Nafarroako hiriburutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo