GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Larretxeak eta Jannotsek bigarren zatian erabaki dute final laurdena

p046_f02_97x96.jpg


 
J.L.

Larretxeak eta Jannotsek aurreikuspenak bete egin zituzten, eta datorren astean finalerdiak jokatuko dituzte Biellen eta Ozafrainen aurka, atzo jokatu zuten final laurdenetako kanporaketan Intxauspe eta Bonebeltxe 40 eta 30 mendean hartu ostean.

Atzoko partidan dirua oso nabarmen atera zen irabazleen alde. Gainera, Waltarik ez zuen aritzerik izan atzokoan, gaixorik egon baita; bere ordez Intxauspe aritu zen, eta bazirudien horrek aldeak handitu egiten zituela.

Intxauspek eta Bonebeltxek, ordea, gauzak ez zirela horrela erakutsi nahi izan zuten, eta aldea ateratzen hasi ziren, markagailuan 2-16 eta 14-25 aurretik jarriz. Hor, ordea, Bonebeltxek behera egin zuen, erabat pot egin zuen, eta irabazleek 26-5eko partziala lortu zuten, garaipena eskuratzeko 80 minutuko partida gogorraren ostean.

Partida bera ona izan zen, eta ezuste handia eman zuten galtzaileek. Intxauspek neurketa bikaina egin zuen, baita Bonebeltxe berak ere indarrak iraun zion bitartean. Larretxeak eta Janotsek, berriz, beraien lana ongi egin zuten. Saketik hamabi tanto egin zituen Larretxeak, eta zazpi Intxauspek. 2-16, 14-25, 27-27 eta 40-30 joan zen atzoko partidako markagailua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo