GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi | Kazetaria

Antzinako kreatura sozialen aldaketaz

Azken bi mendeetan, komunikazioaren teknologietan aurrerakuntza itzelak izan dira. Horren lekuko dira telegrafoa, telefonoa, sakelakoa, testu mezuak edo bideokonferentziak. Eskuragarri dugun informazioa esponentzialki hazi da, eta gu hil arte, ez dio hazkuntzari utziko. Ados.

Teknologien aldaketaren lastertasun berean baina -eta azken hamarkadan, inoiz ez bezala-, gero eta gehiago jakin da gure burmuinaren funtzionamenduaz eta erabakiak hartzeko prozesuaren nolakotasunaz, jendearen arteko konexioak eta elkar eraginak asignatu eta neurtu ahal izateraino. Antropologiatik hasita neurozientzietaraino, ikaragarri asko eta azkar aurreratu da. Pentsamendu arrazionalaren makina bat teoria- faltsutasunagatik- ezeztatzeraino, gutxietsita zeuden gure burmuin ez-arrazionalaren ahalmenak berriz ere aldarrikatu eta goratzeraino.

Sare sozialak ez dira berriak. Ezta komunikazioaren dinastia digital berrien aurkikuntza bat ere. Milaka eta milaka urtez, jendeak taldeak sortu eta elkarrekin harreman estu edo ahulagoak eraiki ditu. Leialtasunak osatu eta zurrumurruak eta txutxu-mutxuak zabaldu ditu. Pertsonak, besteekin konektatzeko beharra duten kreatura sozial gisara, besteen informazioa, aholkua edo laguntza emozionala behar-beharrezkoa du.

Komunikazioaren berrikuntza teknologikoak historian urruti eta burmuinean sakon errotuak ditugun bideetan dabiltza. Pertsonak teknologia baino geldoago aldatzen direla barneratuta. Eta, jakin, ongi daki arrakastak paradigma aldaketa eskatzen duela: edukiak eta dokumentuak konektatzetik, pertsonen arteko konexio edo harreman sareak eratzean dagoela erronka.

Etorkizuna, beraz, milaka eta milaka urtetako aldaketa eta moldaketa behar izan dituen gure portaera, eta pentsaera, ongi ezagutzean datza. Aldaketa teknologiko orok, punta-puntakoenak ere, iraganera begiratzen diolako: kromletxari, jatorriari.

Aldaketa teknologikoan, hor zaude edo ez zara egongo. Gure portaera eta pentsaeraren aldaketak milaka urtetan zizelkatu dira. Eta gu hil arte, patroiak ez dira apenas mugituko.

Eta hori ongi ulertu eta zaintzen dugu, edo ez gara izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo