GARA > Idatzia > Euskal Herria

Basagoitik «elkarbizitza» izango du mintzagai, PPren EAEko XIII. Batzarrean

Maiatzaren 11 eta 13 bitartean Bilbon egingo den hitzorduan defendatuko du, halaber, bere alderdia dela «alternatiba bakarra» independentismo eta nazionalismoaren aurrean. Mariano Rajoy bertan izango da.

p015_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

EAEn PPko presidente den Antonio Basagoitik iragarri du Eskualdeko XIII. Batzarrera bertaratuko direnen aurrean «Espainia plural bateko elkarbizitza» defendatuko duela, baita «guztiok» parte hartuko duten zuzendaritza «irekia» osatzeko beharra ere. Hain zuzen, Basagoiti da, iragan ostiraletik, autonomia erkidegoko PPk datorren lau urteetarako aurkeztu duen hautagai bakarra.

Iragarritakoaren arabera, Batzarra datorren maiatzearen 11 eta 13 bitartean egingo dute, Bilbon. Alderdiak adierazi duenez, gainera, honakoak ez du «zerikusirik izango» aurreko batzarrean izandako giroarekin. Hitzordu hartan Basagoitik Maria San Gili hartu zion lekukoa.

Bestalde, Estatu espainolean alderdi honek egingo dituen hamazazpi batzarretatik, EAEkoa da Mariano Rajoy Gobernu espainoleko presidentearen parte-hartzea izango duen bakarra.

Bizkaiko hiriburuan egingo den hitzorduan, halaber, Basagoitik bere proiektuaren aurkezpena baliatuko du PPko jarraitzaileei «eskerrak emateko», agintea bere gain izan duen azken lau urte hauetan azaldutako «konfiantzagatik». «Urte hauek ez dira batere errazak izan, batez ere hasierakoak», adierazi zuen atzo.

Europa Press agentziari onartu zionez, orain presidentetza «lasaitasun handiagoaz» hartuko du, gogorarazi zuenez, duela lau urtekoa Valentziako batzar tirabiratsutik aste gutxira egin baitzuten. Hain zuzen, Valentziako hartan, Mariano Rajoy PPko presidente izendatu zuten, alderdi kritikoarekin lehian ibili ostean.

Leku onena bilakatzeko xedea

Alderdiko militanteei ez ezik, Basagoitik herritarrei ere luzatu nahi die proposamena, «Euskal Herria bere gain hartu nahi duen» independentismoarekin aurrez aurre, eta «honen alde borrokatzen ari diren EAJrekin eta Batasunarekin» aurrez aurre. Atzo esan zuenaren arabera, alternatiba gisa, PPko liderrak «herritarren elkarbizitza» sustatu nahi du «Espainia plural batean», eta xedea EAE Estatu espainoleko «leku onenetako bat bilakatzea» izango du. «Leku bat non askatasunez bizitzea posible izango den, non ekonomikoki garatzea posible izango den nazio handi honen parte izanez».

«Independentismoaren eta nazionalismoaren aurrean dagoen alternatiba bakarra PP da, eta PPk defendatuko du, konplexurik gabe, Espainia moderno bat, plurala, Euskal Herria barne duen Espainia bat, herritarrena izango dena», adierazi zuen.

Azkenik, esan zuen autonomien Estatuan sinisten duela, eta gaineratu zuen «gehiegikeriak» egon badira, «nazionalisten eta batzuetan hauek jarraitu dituztenen errua» dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo