GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Zigor Etxeburua | Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria

Euskaraz bizi euskara

Instituzioei dagokigu euskarari ofizialtasuna aitortu eta egikaritzea, euskara ikastea eta erabiltzea bermatuta; baita eredugarri izatea ere, ezinbesteko erreferentzia gara-eta

Izan hizkuntza politikaren arduradun, euskalgintzako eragile, kazetari edo herritar soil, askoren ahotan dabilen baieztapena da, gauden gaudenean, hizkuntza bera erabiltzea izango dela giltzarrizko gakoa euskararen normalizazioaren prozesuan. Jarraitu aurretik, argitu nahi nuke euskararen ezagutzan badela zereginik oraindik; areago, erne ibili beharra dugula, fidatuki ibili gabe, lanak eginak ditugula edo egingo dizkigutelakoan.

Jakina, euskara erabiltzea da gure hizkuntzaren iraupenerako gakoa. Baina erabiltzeko, ahala eta aukerak behar! Euskal Herriko instituzio nagusietan euskararen normalizazioaren ardura politikoa izan dutenek eta duten batzuek euskaldunoi leporatu digute gure hizkuntzaren egoera murritzaren erantzukizuna, ez omen dugulako euskaraz egiten. Ez da zilegi, ordea, euskaldunari arduragabekeria leporatzea, euskara erabiltzeko oztopoa eta debekua nagusi izanik instituzioetan, baita euskara ofiziala den eremuetan ere.

Euskara hizkuntza gutxiagotua da bere lurraldean, frantsesaren eta espainolaren hierarkien mendeko, eta euskaldunok egoera hori pairatzen dugu; hori da gure egunerokoa (epaitegian, pediatrekin, unibertsitatean...). Horregatik, ulergarria da hainbat harreman eta egoera formaletan euskaraz aritzeko ohiturarik ez izatea euskaldunak, edo erdararako inertziak izatea.

Hala ere, Txillardegik esana da euskalduna leiala zaiola euskarari, aukera duenetan euskaraz egiten duela, eta datuek argi erakusten dute hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak errealitate hori bere egin eta erantzukizunez jokatu nahi du, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatuz eta Aldundiaren jardunean euskarari lehentasuna emanaz. Horrela, konpromiso sendoak hartu ditugu: 2015erako Aldundiak zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzea, eta euskara laneko hizkuntza egiteko urratsak bizkortzea. Instituzioei dagokigu euskarari ofizialtasuna aitortu eta egikaritzea, euskara ikastea eta erabiltzea bermatuta; baita eredugarri izatea ere, ezinbesteko erreferentzia gara-eta herritarron eguneroko bizimoduan.

Hain zuzen ere, euskaraz bizitzeko ohitura sustatu eta indartzeko asmoz, Foru Aldundiarekin euskara hutsezko harremana izateko aukera emango diegu gipuzkoarrei. Hartara, hautu hori egiten dugun gipuzkoarrok euskara hutsez jasoko ditugu, etxean, Foru Aldundiaren gutun eta informazio guztiak.

Abian den errenta kanpaina baliatuta, Aldundiarekin harremana zer hizkuntzatan izan nahi dugun galdetuko zaigu. Euskara aukeratu baino ez dugu, aurrerantzean, harremana euskara hutsez izateko (autolikidazio proposamenaren bidezko aitorpene- tan, zailtasun teknikoak izan dira aukera hori emateko. Dena dela, edozein unetan egin daiteke hautu hori, Ogasunaren bulegoetan horrela jakinaraziz).

PSE-EEk eta PPk polemika piztu nahi izan dute ekimen honen inguruan, beldurra eraginez eta Gobernu honen ekimena oztopatu nahirik. Argi dugu trabatzen saiatuko direla euskararen herria berrezartzeko garatu nahi dugun hizkuntza-politika. Horrek ere erakusten du euskaldunok burujabetza behar dugula, Euskal Herri euskalduna lortzeko. Jar gaitezen horretara. Ezina ekinez egina. Norberak egin dezakeena eginez, euskararen berreskurapenaren abiadura bizkortuko dugu. Euskaraz bizitzea iraultzailea da, estatu zapaltzaileek ezartzen diguten egoera apurtzen duelako.

Horregatik, euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi zaituztet. Zeuek, herritarrok, izan zarete hizkuntza-normalizazioan egindako aurrerapausoen protagonista nagusiak. Zeuek egin duzue euskararen aldeko apustua, egunero euskara erabilita eta gizarte mugimenduetan lan eginda. Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta agerian utzi du euskaraz bizi nahi duela. Orain ere zeuena da protagonismoa: harremanetarako hizkuntza euskara aukeratuta, euskaraz bizitzeko bidean beste urrats bat emateaz gain, pauso hori bera ematen lagunduko diozue Foru Aldundiari.

Euskara bizitzeko modurik zuzenena, eraginkorrena, biziena euskaraz bizitzea da. Milaka euskal herritarrok egin dugu hautu hori. Abian gara. Elkarrekin egin dezagun bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo