GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

NATIONAL

Mailari eusteko itxaropenarekin jarraitzeko balioko du berdinketak

AVIRON 2
PARIS FC 2
J.L.

Avironek puntu bat lortu zuen herenegun gauean, eta jadanik hiru partida jarraian daramatza galdu gabe, baina dauden lekutik ateratzeko puntuak hirunaka batu behar ditu, eta ez banaka.

Hala ere, Parisen aurka puntu bat lortu zuen, eta gaitz erdi, gauzak jarri ziren bezala jarrita, lortutako emaitza ez baitzen batere txarra izan.

Gauzak oso azkar okertu zitzaizkien euskaldunei, bosgarren minuturako atzetik jarri baitziren. Yengak Pariseko taldea aurreratu zuen penalti bat gauzatu ostean. Hortik aurrera, urduritasunak agertu ziren etxeko taldean, eta Frantziako hiriburukoek oso eroso jokatu ahal izan zuten.

Baloia lapurtarrei utzi zieten, eta beraiek atzean jarri eta lasai aritu ziren, kontraeraso batean neurketa erabakitzeko asmotan. Lehen zatian ez zuten aukerarik izan horretako, baina bigarren zatiaren erdian bigarren gola egin zuten, eta 0-2koa jarri zuten markagailuan.

Horrekin, dena galduta zegoela zirudien, baina Pianuk penaltiz lortutako golari esker, etxekoak berriro ere partidan sartu ziren. Hortik aurrera erabat erasoan jokatu zuten, eta Lalanek lortu zuen berdinketa. Azken minutuetan ere izan zituzten hirugarren gola egiteko aukerak, baina ez zuten lortu, eta amaieran puntu batekin konformatu behar izan zuten jokalari euskaldunek. Sailkapenean azken postuan jarraitzen dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo