Julen MURGOITIO
Pilota, teilatuak egin
Gurean ohikoa den politikaren zelaian, edo lokatzean gura izanez gero, euriak horretan kulparik ez badu ere, normalean teilatua izaten da eztabaiden kontua; hau da, pilota noren teilatuan den kontua. Eta batzuek gustua hartua diote teilaturik teilatu ibiltze horri, kalera aspalditik jaitsi gabe. Eta, neurri batean sikiera, gaur-gaurkoz ulertzekoa da kalera ez etortze horrena. Izan ere, kaleak pilotez beteta daude, hainbeste pilota non teilatua bera bigarren mailan geratzeko arriskuan den politikaren lokatzean. Baina, kontuz, ez gaitezen endredatu, teilatuak segitzen du estrukturala izaten, eta koiun- turala pilota.
Ezin pilota izan teilaturik gabe. Teilatuak egiten du pilota... eta uniformezko pilotariak ere, egin. Pilotek batzuen teilaturantz eroaten gaituzte, zalantzarik gabe, salatzaile.
Politika ofizialean ohikoa izaten da batzuk «bai» eta besteak «ez» esaka ibiltzea. Hortik omen dator eztabaida. Hala ere, ohiko sokatira hori gainditu eta, sokatik tiraka, muina azaleratu egin behar da, debatea piloten artekoa izan ez dadin. Poliziaren eredua, horixe koska. Teilatuan diseinatu eta kalean gauzatua, eredua. Seguruenik, ez da kontu erraza; baina jakina da ere erraza dena aspergarria dela. Zaila behar dugu, alai sentitzeko. Aro berrian jarduteko era berriak. Kaleek beti ikusiko dituzte istiluak, utopia hartzen dugun aroan bertan ere, seguru asko; gizakiak gizaki, eta kaleak kale.
Baina onargarri suertatzen ez dena, gaurtik hasita, zera da, polizia istiluen aurkako ageri, izenez, eta istiluen aldeko izan, izanaz. Azken finean, berak sortzen baititu istilu gehienak, gurean. Hauxe kolpea! Horixe kontua, eta teilatua kausa. Pilotak ondorio baino ez dira, mingarriak.
Azken gertaerak gertatuta elur-pilota handituz doa. Kontua ez da gomazko piloten gomak zerezkoa behar duen izan, kautxua urtearen amaieran bazter utzita-edo. Kontua ertzaintzaren izaera da; herria ala ertzak, nor-zer zaindu eta noren zain dagoen behingoz argitzea. Eta ilun ikusten dut hori, oraingoz. Gomazko pilotak ez omen dira datorren urtetik erabiliko, kasu berezietan ez bada betiere. Akabo!
Baina oraindik berrehun eta hirurogei bat egun geratzen da aurten. Stocka husten saiatuko ote dira urtea amaitu baino lehen? Joan daitezela frontoira, demontre!
Teilatua da kontua!