Magic Slim bluesaren mitoak joko du datorren asteartean Bilbon
GARA | BILBO
Magic Slim bizirik dagoen bluesaren mito bat zuzenean ikusteko aukera izango da datorren asteartean, apirilaren 17an, Bilboko BBK Aretoan, Music Legends zikloan. Emanaldia 20.00etan hasiko da, eta Chicagoko bluesman-arekin batera, The Teardrops bere betiko banda izango da taula gainean, BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez.
Magic Slim eskola zaharreko bluesman-a da, blues elektronikoa eta soul musika jotzen dituen musikari aparta. Bere gitarra sakon eta urratuagatik edo berezkoa duen vibratoen birtuosismoagatik ezaguna da Slim. Bere kanta guztiei xarma berezia ematen die bere ahots ikaragarriarekin.
Slimen eta gitarraren arteko harremana kasualitatez hasi zen, istripu batean atzamar bat galdu ondoren. Ordura arte jotzen zuen musika-tresna pianoa zen, baina albo batera utzi behar izan zuen eta gitarra aukeratu zuen musikaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Bere lagun eta aholkulari Magic Samek jarri zion Magic Slim izena Chicagon. Beranduago, bere banda sortu zuen: The Teardrops.
Magic Slimek jarraitzaile ugari ditu, urteetan zehar Mississippiko lokal txikietan zein mundu osoko agertoki handietan eskaini dituen kontzertuei esker. Magic Slim eta The Teardrops taldearen kontzertuak benetan mitikoak dira, bluesa jotzeko orduan erakusten duten intentsitateagatik, genero hori bizirik mantentzeko eginahal amaigabean.
Sei aldiz irabazi dute W.C. Handy saria, Urteko Blues Talderik Onenaren kategorian, eta orain arte, 23 lan kaleratu dituzte. Magic Slim eta The Teardrops musika jotzen jarraitzen duten bluesman bakanetako batzuk dira. 70 urteen muga gaindituta, Slimek betiko indar eta pasioari eusten dio, jo eta kantatzen duen bakoitzean.
Music Legends
Magic Slim ez da, baina, BBK-k ekarriko duen artista bakarra. Apirilaren 22an, Lizanne Knott izango dugu bertan.
Sari ugari jaso dituen kantautore hau talentu hutsa da. Hitz samurrak, azkarra, letra poetikoak eta edonori aurre egiteko gai den ahotsa. Goi mailako klasedun artista, zentzu orotan. Aktuazioaren izar bat, nazioarteko oholtza onenetara igoarazi duen ibilbide oparoarekin. Lehen geltokia: BBK Aretoa.
Lizannen musika hain ederra egiten duena da bizitzako une zehatzak benetako irudien bitartez erakusteko gai izatea, musikarekin elkar ulertzeko duen ahalmenak eta bere ahots eztiak arima bera ere mantsotzen baitu.
Filadelfiakoak agertoki askotan jo izan du, besteak beste alboan izan ditu Will Kimbrough, Tommy Womack, Roger McGuinn, Jimmy Webb, Eric Bazilian, Loyd Maines, Melody Gardot, Annie Haslam, Antje Duvekot, Lucy Kaplansky, besteak beste. Hatsik gabe utziko zaitu, seguru.
Sarreren prezioa 11 eurokoa izango da eta BBK txartela dutenek deskontuak eskura ditzakete.
K18 Txartela: sarrera doan eta %50eko deskontua lagunarentzat, sarrerak badaude.
Sarrerak erosteko: BBKren orotarako kutxazainak eta hona hemen dugun telefonoan: 944 31 03 10.