GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Sarkozy kanpora, milesker Baiona!» kanpainarekin jarraitzen du Bizi!-k

Baionako Aviron eta Biarritzeko Olympique errugbi taldeen arteko derbia zela baliatuz, Bizi! mugimenduak ekintza berezia egin zuen, «Sarkozy kanpora, milesker Baiona!» kanpainaren barruan. Poliziak tentsio uneak eragin zituen arren, ekimenak aurrera egin zuen.

p021_f02.jpg

GARA | BAIONA

Bizi! mugimendu ekologistak buru-belarri jarraitzen du «Sarkozy kanpora, milesker Baiona!» kanpainan. Pasa den martxoaren 1ean, Ipar Euskal Herrira egindako bisitan, Estatu frantseseko presidente Nicolas Sarkozyri ez zela ongi etorria jakinarazi zion Baionan batutako herritar andanak.

Presidentetzarako hauteskundeetako kanpaina betean -datorren igandean izango da aurreneko itzulia, Estatu frantseseko presidentea hautatzeko-, Bizi!-k Aviron Bayonnais eta Biarritz Olympique errugbi taldeen arteko derbia jokatzekoa zela aprobetxatu zuen Baionako hiri barnean mural barregarri bat jartzeko. Giza irudi bat zegoen marraztuta, Sarkozyri ostikoa emanez. Nahi zuenak bere aurpegia jartzen ahal zion irudiari, zulo batetik burua aterata, eta ehunka sostengatzailek argazkiak egin zituzten horrela.

Eguerdi partean, lau polizia auto eta hogei bat polizia agertu ziren, eta talde ekologistak jakinarazi zuenez militante batzuk arrastatzen eta beste batzuk kontrolatzen saiatu ziren. Bizi!-ren hogei bat militantek ez zuten, ordea, irudia kendu nahi izan, lehendakaritzako hauteskunde horien karietara kanpaina egiteko eskubidea dutelako. Ondorioz, ez zituzten nortasun agiriak erakutsi nahi izan.

Bizi!-koek jakinarazi zuten bertan zeuden poliziak martxoaren 1eko Sarkozyren bisita burrunbatsuko segurtasun taldean ari ziren berdinak zirela. Militanteei adierazi zieten «Estatuaren buruzagiari erasotzea» delitua leporatzen ahal zietela.

Tentsio uneak

Poliziak militante bat sartu zuen furgonetan komisariara eramateko asmoz, eta jendetzak polizia inguratu zuen laster batean eta ibilgailuaren aitzinean ezarri zen, abiatzea eragozteko.

Tentsioa gero eta handiago zen momentu luze horien ondotik, eta jendea poliziari oihuka aritu zen, «Adierazpen askatasuna! Demokrazia!», «Gure laguna askatu» eta gisakoak. Poliziak arrastatuta zuen militantea askatu zuen azkenean, eta «Sarkozy kanpora, milesker Baiona!» pankarta bere lekuan utzi. Hala, 15.00etara arte jarraitu zuten kanpainarekin. Ordu eta laurdenera hasi zen derbia.

Bizi! mugimenduaren kanpaina aurrera doa, hitzordu gehiago ere finkatu dituzte, hurrena datorren larunbatekoa izango da, goizeko hamaiketan Baionako merkatu estalian.

hitzordu gehiago

«Sarkozy kanpora, milesker Baiona!» kanpainaren barruan, hitzordu gehiago jarri ditu Bizi!-k. Datorren larunbatean, Baionako merkatu estalian izango da hurrena; maiatzaren 1ean manifestazioa egingo dute, eta maiatzaren 6an, zintzur bustitze handi bat egingo dute Baiona Ttipian, 18.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo