Kaka Bingoa antolatu du Urruñako ikastolak, handitze lanak finantzatzeko
Pentzea laukitan zatitu, eta behiak kaka egiten duen laukiari dagokion zenbakia duenak irabaziko du Urruñako ikastolak apirilaren 22rako antolatu duen Bingoa. Handitze lanak finantzatzeko baliatuko dute dirua.
Idoia ERASO | URRUÑA
Urruñako ikastolak 110 ikasleren muga gaindituko du hurrengo ikasturtean. 1995ean sortu zenean hamabi ikasle zeuzkan, eta ordutik hona izan duen gorakada handiari erantzuteko egokitzapen lanak egin behar izan dituzte. Gela berriak atzo estreinatu zituzten erakundeen parte-hartzearekin, baina azken hilabeteetan jada erabilgarri izan dituzte.
Milioi erdi euroko aurrekontua izan duten lanen finantziazioan Seaskak eta Urruñako Herriko Etxeak parte hartu dute erdibana. Baina gelen egokitzapena ikastolaren gain gelditu denez, ekimen berriak antolatu behar izan dituzte. Horien artean, apirilaren 22an egingo duten Kaka Bingoa. «Behi bat sartzen duzu karratutan banatuta dagoen pentze batean, eta gero bingo baten sistema bera da. Jendeak txartela erostean pentzeko zati bat erosten du. Behia hor zehar ibiliko da, eta kaka egiten duen tokiko txartela daukanari dagokio saria», azaldu zuen ikastolako festen batzordeko Peiok.
Belgikatik etorritako ideia omen da, eta Xorroxin irratiak urtero antolatzen du. Nafarroako irratiko kideek aholkularitza lana egin dute. «Kaka zein partzelatan egin duen jakiteko topografo baten beharra dago, eta behiak gutxienez sei ordu lehenago eraman behar dira. Bidean urduri jartzen omen dira eta kristoren kaka egiten dute», azaldu zuen Peiok.
Udaberriko besta
«Helburua, hasieran, soilik sosa biltzea zen, baina gero konturatu gara beste helburu batzuk badaudela, egun bat euskaraz pasatzeko aukera ematea, euskal kultura eta kirolarekin bat egitea. Aldi berean, laborariak ere integratu ditugu, han izanen dira, beren produktuak saltzen. Helburuak hirukoiztu zaizkigu», azaldu zuen.
Goizetik entzierro txiki batekin hasiko den eguna, haurrentzako joko, bertsolari, zikiro jate, mutxiko eta txarangaren musikarekin girotuko da. Besta egun osoa ospatuko dutela nabarmendu zuen ikastolako gurasoak: «Udaberrian beti ospatu egin da lurraren esnatzea, eta orduan gure besta Ama Lurrarekin lotu genuen laborariak sartuz, eta hau bultzatu dugun guraso taldeak uste dugu dena bat dela, euskara, laborantza, Ama Lurra, eta horrela eguna borobildu dugu osotasuna emanez».
Filosofia horri jarraituz, Kaka Bingoan banatuko dituzten sariak laborantzatik eratorritako produktuak izango dira.