GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Binakako Txapelketa

Ibarrolak eta Harizmendik finalerdietan argi eta garbi erakutsi dute txapela lortzeko faborito nagusiak direla

Jon LEUNDA

Ibarrolak eta Harizmendik lortu zuten herenegun gauean Baionan Berezkoen Binakako Txapelketako finala jokatzeko lehenengo txartela, finalerdietan Laurent Lanbert eta Kurutxari 40 eta 19 menderatu ostean, 56 minutu pilotan aritu eta gero.

Ibarrola eta Harizmendi dira txapela lortzeko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Hasieratik erakutsi zuten nagusi zirela, eta partida oso erraz eraman zuten. 5-0 aurreratu ziren markagailuan, eta gero aurkariei ez zieten inongo aukerarik eman, eta helburua lortu zuten azkenean.

Harizmendik sekulako norgehiagoka egin zuen. Atzean erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, beti Kurutxariren gainetik agertu zen. Pilota atzean jarriz min egiten zuen, eta bere lana ederki aprobetxatu zuen Ibarrolak, aurrean kintzea finitzeko. Dirua oso nabarmen atera zen irabazleen alde, eta ia ez zen jokatu ere egin; izan ere, partida erdirako ia erabakita zegoela zirudien, nahiz eta 23-13rekin aldea ez zen horren nabarmena, baina jokoan beste gauza bat ikusten zen, eta amaieran ere halaxe izan zen.

Saketik zazpi kintze egin zituen Ibarrolak, eta bi gutxiago, berriz, Laurent Lanbertek. Markagailua, berriz, honela joan zen: 5-0, 14-9, 17-11, 19-12, 23-13, 27-14, 30-16, 39-19 eta 40-19.

Gaur 17.00etatik aurrera jokatuko da Donapaleun bigarren eta azken finalerdia. Alde batetik Bielle eta Ozafrain arituko dira, eta bestetik, berriz, Larretxea eta Jannots. Faborito garbirik gabeko norgehiagoka da hau, eta seguruenik ere dirua parean aterako da.

Patrick Ozafrainek oso indartsu dagoela erakutsi du lehen fasean, eta Bielle aurrean duela oso lan ona egiten ari da. Beste bikoa ere oso orekatua da. Larretxea beteranoa oso sasoi onean dago, eta min handia egiten du. Sakearekin triskantza handia egin dezake. Atzean, bere babesean, Jannotsek lan ona egiten du. Bi bikoen helburuak oso ezberdinak dira. Batzuek jokoa atzean egin nahi dute, Larretxeari sartzen ez uzteko, eta besteek, berriz, aurrean menderatu nahi dute Bielle, Ozafraini jokoan sartzen utzi gabe

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo