Josu Gotzon Landeta Irakaslea
Langileon oroimenaren soka etorkizunari begira
Martxoaren 29an memoria horrek eraman gaitu kaleak hartzera, kapitala euren kontrolpean duten handiki eta euren politikari morroiei nahikoa dela esatera Gure ingurua lehengoaren aldean koloretsu, anitza eta aberatsa begitantzen bazaigu ere, lehengo gaitz batzuek lehen bezain gris eta beltz diraute
Gaur oroimenak, oroi-min bihurturik, ia berrogei urte atzera narama. Zazpi urte izango nituen gure aitite Jose Marik, erretiroa hartu baino urte batzuk lehenago, Erandioko Tomas Ruiz de Velasco ontziolan lan egiten zuenean.
Ume haren begiek ikusten zituzten gauza haiek gaur egun burura lauso datozen arren, egunero goizeko bostetan altxatzen zen gizon hartaz oroitzen naiz, egunero trena hartu eta Erandioraino joaten zena, egunero «La Gaceta del Norte» egunkari ugerdo haren orri ugerdoago haietan sartutako ogitartekoa besapean eramaten zuena (artean aluminio paperaren sasoiak heldu barik), egunero tabernatik bizpahiru txikito hartuta arratsaldeko hiru- rak pasata etxeratzen zena....
Egunero-egunero beti berdin, harik eta egun batean eguneroko egunerokotasuna apurturik goizeko hamarretan etxean topatu nuenera arte. Sukaldeko mahaiaren gainean egunkari ugerdo haien orriak barreiaturik, barruan zeraman ogitartekoa jaten ari zen basokada ardotxo alboan. Ume hark aitite bertan ikusirik «Aitxitxe, zer egiten dozu etzen» galdetu, eta aititek «behargin bat hil da» erantzun zion.
Ume hark ez zuen bere aititeren lanaren ezagutza handirik, baina ezusteko galanta hartu zuen lanean ere jendea hil zitekeela ikusita. Bere aititeren lantokian burdinazko nabe erraldoi bat irudikatzen zuen, eta barruan burdinazko hainbat tresna arriskutsu, bertan lan zintzoan zeuden langileen mehatxagarri. Langile hark Cadiz ei zuen sorleku, eta bertan emango zioten lur aititek amamarekin komentatutakoaren arabera. Alabaina, ume hark ez zekien gizon hura bezala zenbat langile etorri ziren euren herriak halabeharrez utzita Euskal Herriko industriguneetan lan egiteko; ez zekien ontziola hartako langileek (kanpokoak zein bertokoak) orduko nagusiengandik pairatu behar zuten zapalkuntza gurdiaren zama zein garesti ordaintzen zuten ere.
Denbora haiek atzean geratu zaizkigu nabarmen, eta azaletik gure ingurua lehengoaren aldean koloretsu, anitza eta aberatsa begitantzen bazaigu ere, lehengo gaitz batzuek lehen bezain gris eta beltz diraute: gaurko egunkari asko lehengoak bezain ugerdoak dira; burdinaren pisu astunaren ordez, aluminio, plastiko eta aleazio berrien arintasun aseptikoa nagusitu zaigu; kapitalak langileak inportatzen dizkigu, hemengo lan krudelenetan lan egiteko, lehen iberiar penintsulatik, orain munduko hainbat bazterretatik; beharginak bere lanpostuetan hil egiten dira...
Eta lehen bezala kapitala patronalaren eskutik langileon bizimodua eta etorkizuna kolokan jartzen dabil. Egunetik egunera bere esku dituen eskubideen murrizketak abian jarririk mugarik ez duten neurri sorta antisozial eta baztertzaileak ezartzen dizkigute, denak nagusi aberatsak aberatsago bihurtzeko, denak langile xumeak xumeago bihurtzeko.
Gaur egun ume haren begiek heldu baten adimenarekin ikusten dituzte gauzak, oraingoan inguruko jendartea bustitzen dituzten handikien miseriez jabe eginik. Eta heldu honen begiek argi ikusten dute urteak aurrera pasatu ahala gure eskubideak murriztuz dabiltzala, hainbat urtetan egindako borroketan izerdiaz lortutakoa ezerezean utzi guran, behinola gure aititek eta bestek egindako beharretik lortutako onura apala oroimenik gabeko kanposantuko lurzoruaren azpian lurperatu guran, den-dena morrontza berri batera guran, den-dena herri xehearen miseriarako.
Eskerrak memoria bizirik dugula, eta norberak hausnar dezake lehengo umeen begien irudietatik hasi eta gaurkoetara handi-mandien harropuzkeriak zer-nolako kapituluak ezarri dizkigun. Martxoaren 29an memoria horrek milaka herritar eraman gaitu kaleak hartzera, kapitala euren kontrolpean duten handiki eta euren politikari morroiei nahikoa dela esatera. Eta garrantzitsuena: kalean ikusi den jendearen batez besteko adin gaztea, lehengo memoriatik oraingo errealitaterako prozesuaren lekuko biziak, egoera tamalgarri honen aurrean (oraingo kapituluak «Rajoyren neurri antisozialak» du izen) euren haserrea erakustera etorriak, ondorengoei daukaguna baino bizitza hobe baten esperantzaz zamaturik, kapitalaren diktadurari galga jarriko dion kontsentsu demokratiko baten bila.
Gure aititeren gomutak, gaur egun lan beltzera igorritako hainbat aitite, amama, aita, ama, senide, lagun... daudela gogorarazten dit. Zalantzarik ez, lanak beti izango du bere alderdi latza, baina sikiera betiko orri eta diskurtso ugerdoak (gaurkoak lehengoak bezain kutsatuak) lurpera ditzagun, kapitalak idatzitako inposaketaren orri ustelak zaramara bidaliz herri xeheak bere historia propioa guztion erabakiaren orri txukunetan idatz dezan. Eta dudarik ez izan ekimen horrek pertsona eta herri gisa askeago, alaiago egin gaitzakeela. Animo eta aurrera bolie!