GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gure errepublika

Hauteskunde horiek ez dute frantsesen artean ilusiorik piztu. Euskaldunok ikusle gisa begiratzen ditugu; berriz ere emaitzak jasan beharko ditugu, gauza onik ez baitigute ekarriko

Hogeita hamar mila inguru ginen Iruñean independentziaren alde, Aberri Eguna ospatzen, Nafar hiriburuan herria osatzen dugula ozenki erraten eta errepublika eraikiko dugula oihukatzen.

Asko ginen, adin guztietakoak, herri askotakoak, iritzi desberdinetakoak baina herria egiteko nahiarekin. Hau da batzen gaituena, oztopo asko eskainiko dizkigun bidea, eremu desberdinak bideratzen ez baita lan makala, zailtasunak metatzen dituen garai honetan. Erronka itzela, Independentistak sareak bere gain hartu duena, mundu birtuala hedatzea mundu errealarekin lotura eginez. Belaunaldi berriek bide hori erraz eginen dute, adin batetik goitik konplikatuagoa gertatuko zaigu hori ulertzen. Haatik gure gizartea eremu horietan ere badabil, egokitzea tokatzen da!

Hauteskundeak heldu zaizkigu, Frantziako lehendakaritzarako hautagai batzuen Euskal Herriari buruzko hautuak ezagutzeko aukera izan dugu. Poutou hautagaia da gurekiko idekiena eta irabazteko paradarik izanen ez duena. Gainerakoen aldetik oso gutxi dugu espero, gatazkaren konpontzeko nahikeriarik ez dute erakusten eta hizkuntzaren aldeko legea ez da berehalako proiektu gisa agertzen.

Azken asteetan Hollandek itzal pixka bat egiten dio Sarkozyri, frantsesen hautua Sarkozyren aurkako botoa izanen dela ematen du. Hollanden programak ez baitu lerro berezirik esperantza pizteko, egoera hobetuko duenik pentsatzeko. Badirudi Sarkozyk egin dituen erreforma anitz gordeko dituela.

Hollandek tropak Afganistandik aterako dituela dio programan; hau proposamen goaitatua da gerla horretan parte-hartzea inoiz erran gabe benetako gerla dela, estatuak duen engaiamendua herritarren baimenik gabe egina delarik, horri bukaera eman behar zaiola agertzea gauza ona da, azken urteetan Frantziak gerla fronte desberdinak eraman baititu, «askatu» nahi izan dituzten herrietan onurarik ekarri gabe. Garaia luke Frantziak gezur horiekin bukatzeko. Neurri txikia da, baina kanpo arazoetako politika aldatzeko behar handia du Parisek.

Indar nuklearrarekin hausturarik ez du proposatzen Hollandek. Horren garapenik ez du proposatzen baina erabilera ez du baztertzen. Energia alternatiboen hedapena bultzatuko duela dio, baina energia nuklearra erabiliko da gobernu sozialista baldin bada. Ekologistek ez badute emaitza onik lortzen, horretan ez du presiorik izanen zerbait berezi egiteko. Une berdeek ez dute emaitza ona espero, ondorioz alde horretatik Hollande nahiko libre sentituko da.

Melanchon herriz herri dabil gero eta jende gehiago hunkituz eta motibatuz. Mitinetan biltzen duen jende kopuruaren arabera emaitza ona behar luke. Horrek presio emanen dio Hollanderi, erretreten aldetik eta soldata minimoarentzat, 1.700 euro eskatzen baititu Melanchonek hilabeteko sari txikienentzat.

Hauteskunde horiek ez dute frantsesen artean ilusiorik piztu. Euskaldunok ikusle gisa begiratzen ditugu; berriz ere emaitzak jasan beharko ditugu, gauza onik ez baitigute ekarriko. Gure errepublika zain daukagu, sarean eta kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo