GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada Lehia

Euskal ordezkariek bi garaipen erdietsi dituzte Espainiako Kopan

Hilaren 7an eta 8an, Murtzian, jokatu zen FEDMEk antolatutako zirkuituaren lehen lehia. Mikel Linazisorok eta Itziar Zabalak garaipen bana sinatu zuten 16 eta 20 urtez azpiko mailetan, hurrenez hurren. Jubenilak, oro har, bikain ibili ziren final guztietan sartzen.

p050_f01_148x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kirol eskaladako lehia ofizialak hasi dira agendaren lehen lerroan sartzen. Euskal ordezkariei dagokienez, hil honen lehen asteburuan (7 eta 8an) lehen hitzordua izan zuten. Murtzian izan zen, FEDMEK antolatutako Espainiako Kopako lehen proba.

Aste Santuko egunak aprobetxatuta, lehen proba horretara makina bat lehiakide inguratu ziren. Kopuruari begiratzen badiogu, zailtasuneko lehiak osasuntsu daudela esan genezake. Orotara, 114 eskalatzailek eman zuten izena: 67 gaztek eta 37 nagusik. Eta, jakina, lehiakide horien guztien artean Josean Mulasek zuzentzen duen EMF-ko selekzioko ordezkariak zeuden; baita Nafarroako taldekoak ere.

Ohi den legez, hitzorduaren lehen eguna, larunbata, nagusien kategoriarako izan zen. Nesketan, adibidez, nahiz eta 20 urtez azpikoen mailakoa izan, Itziar Zabalaren lana goraipatu behar da. Izan ere, zortzi finalisten artean burua sartu eta laugarren postua sinatu zuen. Helena Aleman izan zen irabazlea, bigarrena Teresa Troya eta hirugarrena Andrea Cartas.

Mutiletan, berriz, bi euskal ordezkari zeuden: Igor Aranaz eta Antton Zabala. Biek ala biek ez zuten finalerako txartelik eskuratu. Espero zen bezala, garaipena Ramon Julianentzat izan zen; bigarren postua Victor Estellerentzat eta hirugarrena Gerard Rullentzat.

Gazteak indartsu

Biharamunean, igandean, jubenilen txanda izan zen; hots, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen txanda. Jaiegunak zirela-eta, makina bat lehiakide gazte bertaratu zen Murtziako probara; 67, guztira. Parte-hartze handia izateaz gain, gaineratu behar da erkidego ezberdinetako taldeetan egiten den lana oso ona izaten ari dela; izan ere, gazteek oso maila txukuna erakutsi zuten.

Ekipatzaileek proposamen erakargarriak jarri zizkieten. Oro har, prestatutako bideek denetarik zuten: zeharkaldiak, eroria, zati teknikoak...

Euskal ordezkariei dagokienez, 16 urtez azpikoetan lehen garaipena iritsi zen. Mikel Linazisoro izan zen protagonista. Lan bikaina egin zuen, eta sailkapenean zein finalean katera iristea erdietsi zuen. Hori bai, lehen postu horretan beste bi lehiakiderekin berdindu zuen. Bittor Esparza zazpigarrena izan zen eta Gorka Ruiz zortzigarrena. Nesketan: Andrea de Goñi bosgarren eta Jone Ugartemendia zazpigarren.

Bestalde, 18 urtez azpikoen mailan, oso gutxigatik bada ere, ez zen podiumik lortu. Miriam Mulas, adibidez, laugarren postuaz jabetu zen, eta Gara Platero bosgarrenaz.

Jubenilen azken kategorian, 20 urtez azpikoen mailan, bigarren euskal garaipena iritsi zen. Zabalak erakutsi zuen nagusien mailan aurrean dabilela, eta bere benetako kategorian garaipenari ez zion ihes egiten utzi. Beste behin, dimoztarrak argi utzi du lehian ondo baino hobeto jarduten duela. Eta, azkenik, mutiletan bi finalista izan genituen: Kepa Bruña eta Ibai Isusi. Bruña bosgarren sailkatu zen, eta Isusi zortzigarren.

Oro har, lasai asko esan daiteke lehen hitzordu horretan gazteek lan ederra egin dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo