GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

emf Lehendakaria

Prozesu luze baten ondoren, Alvaro Arregi EMFren buru berria

Hauteskundeak irabazi arren, Arregik hainbat helegiteri egin behar izan die aurre. Azkenean, Kirol Justiziaren Euskal Batzordeak Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izendatu du.

p051_f01_199x124.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Azken urteotan, Euskal Mendizale Federazioa ez da batere lasai ibili. Krisi iraunkor batean egon dela esan daiteke. Orain, lehendakari berria du: Alvaro Arregi. Eta ikusi beharko da bere taldeak zuzenduko duen garai berriak beste norabide bat hartuko duen.

Bai, Arregi EMFko buru berria dugu, baina hura izendatu arte makina gorabehera izan dira. Hauteskundeetara iristeko, aurretik, iazko urrian, zuzendaritza batzordearen aurka zentsura mozioa izan zen. Ondoren, hauteskundeak izan ziren, eta Arregik beste hautagaiari, Roberto Agirreri, 24 botorengatik irabazi zion. Bada, hainbat helegiteren ondoren, azkenean, Kirol Justiziaren Euskal Batzordeak EMFko lehendakari izendatu du Arregi. Oso labur esanda, horixe da azken zortzi hilabeteotan gertatutakoa.

Otsailaren 21etik, lehendakari berria lanean da, eta GARAri adierazi dionez, gogo handiz dago mendi federazioari nolabaiteko lasaitasuna eta egonkortasuna emateko: «Garai berri batean sartu gara, eta, momentuz, nire helburu nagusia aurreko gatazkak alde batera utzi eta normaltasun batean sartzea da».

Arregi talde horren buru izango da, baina alboan Felipe Seemann, Belen Dominguez, Juan Pedro Iturbe, Leonardo Trejo eta Jose Maria Pradera izango ditu. Hauek guztiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako, hots, lurraldeetako federazioetako buruek osatzen dute zuzendaritza talde berria. «Nire taldekideek eskarmentu handia dute atal ezberdinetan, eta uste dut horrekin eta lana egiteko dugun gogoarekin federazioa norabide onean jar dezakegula», dio Arregik.

Denbora gutxi

Hala ere, zuzendaritza berriak ez du aurretik denbora asko izango; izan ere, urtearen amaieran hauteskundeak egingo dira. Hau da, urtebete buruan bi hauteskunde. Eta hasteko, termometro gisa, datorren 21ean Arregiren taldeak batzar orokorra izango du: «Horixe izango da lehen azterketa. Bi gai potolo ditugu: hauteskunde araudiaren zein estatutuen aldaketak. Dagoeneko, hainbat alegazio aurkeztu dira».

Arregik aurreratu digunez, agendan gai asko ditu: «Beste helburu batzuk ere baditugu, baina aurretik denbora gutxi dugu. Beste lehentasunen artean daude iazko kontuak itxi eta aurtengo aurrekontuak egin. Gainera, kontuan hartu behar dugu lurraldeetako federazioen hauteskundeak badirela, oporrak tartean... Gauza asko oso tarte txikian. Gure asmoa da EMF zuzentzen jarraitzea, besteak beste, lasaitasun eta egonkortasun hori emateaz gain, beste helburu batzuk aurrera ateratzeko. Baina hori ez dago gure eskuan. Babesa jasotzen badugu, aurrera; bestela, joan egingo gara. 30.000 mila federatu eta 200 mendi elkarte gaude, eta haiekin harreman zuzena izan nahi dugu; konbentzitu nahi ditugu. Jakina, lurraldeetako federazioekin batera goaz. Batasuna eta oreka egoki bat lortuko bagenitu, denentzat onuragarria izango litzateke».

alvaro arregi

Euskal Mendizale Federazioko lehendakari berriak dituen lehentasunen artean erakundeari lasaitasuna eta egonkortasuna ematea daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo