GARA > Idatzia > Kultura

Amaia Iturriotz urretxuarra, XLI. Bertsolari Gazteen Osinalde sariko irabazlea

p059_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Amaia Iturriotz urretxuarra izan zen larunbat gauean Gabiriako Osinalde elkartean izandako XLI. Bertsolari Gazteen Osinalde sariko irabazlea, elkarteak berak jakitera eman zuenez. Entzuleen iritziak eta epaimahaiaren puntuaketak bat egin zuenez, bigarren saria eskaini zen, eta hori, Peio Ormazabal arrigorriagarrarentzat izan zen. Bertsorik onenaren saria bestalde, Josu Oiartzabal azpeitiarrak lortu zuen, zortziko txikiko ofiziotan botatako bigarren bertsoarengatik.

Finalean, Idiazabalgo Elizalde elkartean sailkatutako Maddi Ane Txoperena (Hendaia) eta Peio Ormazabal (Arrigorriaga), Gabiriako Aztiri auzoko Aztiri elkartean sailkatutako Nekane Zinkunegi (Errezil) eta Josu Oiarzabal (Azpeitia) eta Ordiziako Argi Berri elkartean sailkatutako Amaia Iturriotz (Urretxu) eta Imanol Uria (Algorta) izan ziren bertsotan, Jokin Muruak emandako gaiei erantzunez. Koplatan jarduteko berriz, Joseba Iztueta eta Iban Maiz trikitilari bikote gabiriarraren laguntza izan zuten.

Ehun eta hamabost lagun izan ziren afaltzen, baina saioa entzutera inguratutakoekin batera, 200 lagun inguru bildu ziren Gabiriako Osinalde Elkartean. Adin guztietako jendea izan zen sei gazteen saioa zintzo-zintzo entzun eta txalo zaparradez eskertu zuena. Gabiriakoez gain, inguruko herrietako jendea ere bertaratu zen. Tartean, aurtengo Osinalde sarirako kanporaketetan izan diren bertsolariak edota aurreko urteetan Osinalde sariketako finalean izandakoak ikusi ahal izan ziren, baita bertsolari ezagun ugari ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo