GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Rodriguez I.a eta Zubiaga sailkatu dira hurrengo kanporaketara

J.L.

Zubiagak eta Rodriguez I.ak lortu zuten atzo Zerainen Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Kanpoan eguraldi oso txarra egin arren, pilotalekuan jendetza handia batu zen saioa ikusteko asmotan.

Lau multzotan banatuta neurtu ziren aizkolariak, eta lehen fasean bakoitzeko bi onenek lortzen zuten sailkatzea. Lehen multzoan, Rodriguez I.a geratu zen Dorronsororen eta Kintanaren aurretik.

Bigarren multzoan, Zubiaga izan zen onena, Lasaren eta Irazolaren aurretik. Hirugarrengoan Eneko Saralegi, atzoko ezustea, izan zen onena, eta atzetik Rodriguez II.a eta Jauregi sailkatu ziren.

Laugarren multzoan, berriz, Kañamares III.a izan zen azkarrena, eta atzetik Mugertza III.a eta Resano geratu ziren.

Bigarren fasean, Rodriguez I.ak Lasa hartu zuen mendean. Zubiagak, berriz, Dorronsorori irabazi egin zion; baita Eneko Saralegik ere Mugertza IIIa.ri; eta azkenik, Kañamares III.ak Rodriguez II.ari irabazi zion.

Finalak nola jokatu erabakitzeko kanporaketan, Rodriguez I.ak Zubiaga hartu zuen mendean, eta Kañamares III.ak Eneko Saralegi. Bi finaletan, berriz, Rodriguez I.ak Eneko Saralegiri irabazi egin zion, eta honekin hurrengo kanporaketan aritzeko txartela lortu zuen, eta Zubiagak, berriz, Kañamares III.ari irabazi egin zion, eta arabarrak ere hurrengo fasean sartzeko txartela lortu zuen.

Gaur, Zumaian

Urrezko Aizkorak gaur izango du jarraipena Zumaian 18.30etik aurrera. Erasun, Senosiain I.a. Larrañaga, Mugertza II.a, Mujika eta Otaegi neurtuko dira nor baino nor.

Gaurkoan ere proba azkarrak egingo dituzte, eta hurrengo fasean sartzeko bi txartel banatuko dira. Izen handiko aizkolariak dira, eta edozeinek lor dezake garaipena. Zaleek badute Larrañaga gaztea aizkolari handiekin ikusteko gogoa, eta gaur dute horretarako aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo