GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Bielle eta Ozafrain Binakako finalean izango dira

J.L.

Biellek eta Ozafrainek lortu zuten atzo apirilaren 28an Baionan jokatuko den Binakako Txapelketako finalean aritzeko txartela. Izan ere, 40 eta 35 emaitzarekin mendean hartu zituzten Larretxea eta Jannots. Finalean Ibarrola eta Harizmendi izango dituzte aurrean.

Norgehiagoka bikaina eskaini zuten atzo Donapaleun, eta bertako trinketa bete zuten zaleek gozatu ederra hartu zuten jokoak iraun zuen 96 minutuetan.

Lehen hamabost kintzeetan oreka izan zen nagusi markagailuan, berdinketa ugarirekin, baina hortik aurrera irabazleek abantaila hartu zuten, eta amaiera arte horri eusteko modua egin zuten.

27-19 eta 30-22 izan ziren partidako alderik handienak, eta hor bazirudien Biellek eta Ozafrainek aise irabaziko zutela, baina ez zen horrela gertatu. Larretxea eta Jannots ez zeuden amore emateko prest, eta markagailuan gerturatzen joan ziren, lau kintzetara jartzeraino, 39-35.

Ordurako, ordea, faboritoei kintze bakarra falta zitzaien garaipena erdiesteko, eta tarte hori ez zuten alferrik galdu, amaieran garaipena lortu, eta finala jokatzeko txartela lortzeko.

Saketik hamaika tanto egin zituen Biellek, eta lau besterik ez Larretxeak. Jokoan irabazleek 11 kintze egin zituzten, eta 20 galtzaileek. Galdu, berriz, 11 egin zituzten Biellek eta Ozafrainek, eta 18 Larretxeak eta Jannotsek. Gakoa hortxe egon zen, galtzaileek jokoan galdutako tantoetan. Horrekin batera, Larretxeak ere ez zuen sakearekin gehiegi asmatu, jokoan askoz ere tanto gehiago egin baitzituzten.

Markagailua, berriz, honela joan zen: 3-0, 3-3, 4-4, 6-6, 7-7, 12-12, 18-13, 27-19, 30-22, 33-27, 38-30, 39-35 eta 40-35. Orain, pilotariek bi asteko atsedena izango dute finala behar bezala prestatu ahal izateko. Material aukeraketa apirilaren 23an egingo da, eta 28an erabakiko dute txapela zeinek jantzi. Iazkoek, behintzat, aurten ez dute txapelik lortuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo