GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udaberria aurrera doala, elurrak ezustean zuritu ditu bazterrak

Apirilean euriteak izatera ohituta gauden arren, ez da hain ohikoa bazterrak zurituta ikustea, baina atzo hainbat mendikate, portu edota bide bazter estaltzea lortu zuen elurrak. Ondorioz, alerta horia bihar arte luzatu dute Hego Euskal Herrian jela dela medio.

p017_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Etxeko armairua urtaro aldaketarako prest zuenak segur aski neguko arropa berreskuratzeko premia nabarituko zuen egunotan. Hotzikarak ez ditugu guztiz ahaztu, eta elurra edota izotza etxe atarian ikusi duenik ere izan da. Hego Euskal Herrian alerta horia ezarri dute ondorioz, eta bihar arte indarrean izango da. Haize ufadak ere nabarmenak izan dira egunotan.

Gaurko euriteak iragarri dituzte, eta goizean 800-900 metro inguruan elurra egin dezake. Jela, berriz, goizeko eta gaueko lehen orduetan ager daiteke. Euskalmeten arabera, eguraldiak hobera egingo du, halere.

Tenperaturaren beherakadaren ondorioz, Arabako Opakuan kamioi eta ibilgailu artikulatuei bidea itxi zieten atzo, eta autoek kateekin ibili behar izan zuten. Lakuako Barne Sailak Etxegarate, Azazeta, Arantzazu eta Altube parean kontuz ibiltzeko deia luzatu zuen, elurra zela-eta. Nafarroan elurra kentzeko hamabi makina martxan izan ziren egunean zehar. Agurain inguruan ere ibili ziren makinak, errepide bazterrak zurituta zeuden-eta.

Hiriburuetan, tenperaturarik hotzena Gasteizen izan zuten, atzo gauean 3 graduraino iritsita; Donostian eta Bilbon, aldiz, 6 graduren bueltan ibili ziren.

Bederatzi zauritu errepidean

Gipuzkoako errepideetan bederatzi pertsona zauritu ziren atzo izandako bi istriputan. Bata Antzuola eta Bergara artean gertatu zen; bestea, Deban, Lakuako Barne Sailak jakinarazi zuenez.

Aurrenekoa eguerdiko hamabi eta erdietan izan zen, GI-632 errepidean, bi autok talka egin ostean, oraindik zergatia zehaztu gabe badago ere. Ibilgailuetako bat errepidetik atera zen gero, eta malda batetik behera egin zuen pare bat metro, eta erreka ertzean gelditu zen.

Bi bidaiariak suhiltzaileek erreskatatu behar izan zituzten eta Arrasateko ospitalera eraman; eta beste autoan zihoazen bidaiariak ere bai, horiek ere zauritu egin ziren-eta.

Bigarren ezbeharra ordu erdi beranduago gertatu zen, N-634 errepidean, Deba inguruan. Sasiolako errepidean bi autok izandako istripu horren ondorioz, bost pertsona eraman zituzten Mendaroko ospitalera. Zauri larririk ez zutela jakinarazi zuen Barne Sailak.

Atzo goizean elur eta izotz alerten aurrean errepideetan ezartzen den protokoloa jarri zuela martxan jakinarazi zuen Lakuako Gobernuak.

GOBELA

Gobela ibaiak kaltetutakoen elkarteak Getxoko bizilagunei tentuz ibiltzeko deia egin zien. Bizkaiko udalerri horretan ibaia 1,6 metroraino hazteko arriskua zegoen, baina alerta ura 2 metrotara heltzean baino ez dute ezartzen Getxon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo