GARA > Idatzia > Kirolak> Automobilismoa

Analisia | 1 formula-txinako sari nagusia

Zilarrezko izarrak

Igandean Shanghaiko zirkuituan gertatutakoak azaltzen ditu analisi honetan Bat Formulako alderdi teknikoetan aditua den analistak. Besteak beste, Rosberg-en nagusitasuna, aurtengo faborito-zerrenda zabaldu izana eta Mercedes taldearen hobekuntza aipatzen ditu.

p038_f01_148x140.jpg

Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria

Mercedesek orain arte soilik ostiral eta larunbatetan erakutsi duen abiadura errentagarri bihurtzeko bidea bilatu du Shanghaiko bihurgune azkarretan. Lehen pole-a lehen garaipen bihurtzea lortu duten pilotuak ez dira asko 1 Formularen historian. Rosbergen garaipena zilarrezko izarren aro modernoko lehena da, 2009an Stuttgarteko etxeak Brawn GP erosi zuenetik. Pronostiko askoren aurka, Rosbergek espero gabeko nagusitasunez irabazi du, podiumeko beste postuetarako borroka zirraragarriengandik isolatuta. Azken bi lasterketetan sufritutako degradazio arazoak konponduta, lehen postuari eusteko gai izan da.

2011ko denboraldiarekin alderatuz, bi diferentzia nabarmen errepikatu dira orain arteko sari nagusietan. Alde batetik, lasterketa burua osatzen duten pilotuen taldea zabalagoa da (8-10 pilotu izan dira berriro), ez dago erabateko nagusitasunik, pasa den urtean Vettelekin gertatzen zen bezala. Bestetik, pneumatikoen errendimendu optimoko leihoa estuagoa da aurten, autoak sentikorragoak dira pneumatikoen egoerarekiko. Aldi berean, gurpilen portaera eta higadura zirkuitutik zirkuitura oso desberdina izan daiteke, baldintza meteorologikoen eta batez ere asfaltoaren zimurtasun desberdinengatik. Horrez gain, ihes-gasez elikatutako difusoreen debekuaren ondorioz, pneumatikoen erabilerak eragin garrantzitsuagoa dauka esekiduraren orekan.

Difusore faktoreak autoa gurpilekiko sentikorragoa bihurtu du. Dirudienez, RedBullek eta Ferrarik ez dute oraindik oreka hori aurkitu. Larunbatean telebista kalifikazioaren ondorengo Vetteli egindako elkarrizketan honakoa esan zuen, 11. sailkatu ostean: «Autoa ondo doa, baina ez da nahikoa». Horrela bada, egoera benetan larria da. Suposatzen dut benetako arazoa ezkutatu nahi duela eta bere ingeniariari beste zerbait erantzungo diola. Autoak arazoak baditu, lehenbailehen konpondu ahal izateko ahalik eta zehatzen identifikatzea da pilotu on batentzat lehen pausoa. McLarenak dirudi oraindik autorik azkarrena, Mercedesak oso gertutik jarraitzen dio. Edozein kasutan, diferentziak hain handiak ez direnean, lasterketan pilotu faktoreak pisua irabazten du; eta egoera honetan, garaipenerako hautagai ugari aurkezten dira, bakoitza bere estrategiarekin. McLarenek eta Sauberrek ihes-gasak neurri handi batean bideratzen jarraitzen dute, Coanda efektuaren laguntzaz. Hori da Sauber taldearen abiaduraren arrazoietako bat.

Rosbergek errorerik gabeko asteburua borobildu du. Akatsak gaurkoan boxetan gertatu dira gehienbat. Mercedesek normalean pneumatiko aldaketa azkarrenetarikoak burutzen ditu. Baina Schumi-ren autoa gurpiletako bat guztiz lotu aurretik atera zuten pistara. Bi autoekin lasterketa buruan egotearen urduritasuna. Ondoren Rosbergen garaipena erraztu zuen beste akats bat gertatu zen Buttonen hirugarren aldaketan, non 5 segundo galdu zituen. McLarenen geldialdia normala izan balitz, Button Rosbergengandik 12 s-ra geldituko zatekeen 17 bueltaren faltan, eta gurpilak egoera hobean izango zituzkeen. Baina hortik Rosberg aurreratzera, pauso bat gelditzen da oraindik.

Badirudi Mercedes hasi dela aurtengo autoan instalatu dituen sistema aerodinamikoei benetako etekina ateratzen. DRS bidez aktibatutako W-konduktua daramate. Sistema honek polemika eragin du, baina ez dut ulertzen zergatik itxaron duten talde batzuek orain arte protestatzeko. 2010. urtetik talde desberdinek haize-kanalean antzerako sistemak probatu dituzte, eta 1 Formularen munduko diseinatzaile guztiek dakite Mercedes sistema hau garatzen aritu dela ordutik, FIAren departamentu teknikoari une oro informatuz eta galdetuz. Galdera hauen erantzunak talde guztientzat ezagunak dira 2010etik gaur arte. Gauza da Mercedesek auto osoa sistema honen inguruan diseinatu duela.

Pilotuak DRSa aktibatzen duen bide zati zuzenetan atzeko hegalaren euskarrietan irekigune bana irekita gelditzen dira. Irekigune horiek haizea xurgatzen dute eta auto osoa luzetara zeharkatzen duen kanal baten bitartez, aurreko hegalera bideratzen da. Horrekin, aurreko hegala desaktibatzea lortzen da; aerodinamikan, wing stall deitzen diote kontzeptuari. Stall egoeran, hegalak ez du kargarik sortzen; eta aldi berean, ez du erresistentzia aerodinamikorik sortzen. Zuzenetan ez dago karga beharrik, soilik balaztatze, bihurgune eta azelerazioetan.

Horrela DRSaren efektu soila orekatzea lortzen da, autoaren oreka egonkor mantenduz egoera desberdinetan. Sistema honek 15-18km/h inguruko abantaila eman diezaioke Mercedesi zuzenetan. Efektua eraginkorragoa da zuzen gehien eta bihurgune azkarrak dituzten zirkuituetan. Orduan zerk eragiten du polemika taldeen artean? DRS bidez aktibatzen den sistema da, eta aldi berean DRS hori pilotuak eskuz aktibatzen du. Eskuz aktibatutako elementu aerodinamikoak debekatuta daude, DRSa izan ezik. Sistema hori DRSaren parte bat dela iritziz gero, legala da; bestela ez. Momentuz FIAk garbi azaldu du sistema ontzat jotzen dutela.

Gauzak horrela, datorren igandean pilotuak Bahrainen lehiatuko direla dirudi. Taldeen pertsonala eta materiala zuzenean Txinatik Bahrainera bideratu dute, taldeetako kide batzuk zirkuituan daude dagoeneko prestakizunetan hasita. Bahrainen lasterketa egiteari buruzko eztabaidan iritzi desberdinak entzun dira azken asteetan. FIA da nazioarteko automobilismoaren organo zuzendaria, eta ondorioz berari dagokio erabakia hartzea, idealki FOMekin (interes komertzialen jabea) eta taldeekin adostuta. Ez dagokit niri gai honi buruz iritzia ematea, nire ekarpena alderdi teknikora eta kirol iritzietara mugatzen da. Esaten dutenez, politikan (1F-n ere antzera), astebete denbora luzea da. Egoera honetan 1F eta politika nahasten dira; badirudi aste luzea izango dela Bahrainen. Inork ez daki %100ean ziur zer gerta daitekeen datorren astean; normalean 1 Formulan egoera okerrenetarako prest egotea ohikoa da. Gertatzen dena gertatuta, Bahraingo Sari Nagusiak kalterik ez eragitea espero dut. Ez Bahraingo herriarentzat, ez taldekideentzat, ezta 1 Formularen izenarentzat ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo