GARA > Idatzia > Mundua

Narkotrafikoari aurre egiteko borroka konplexua Ginea Bissaun

GARA | BISSAU

Herrialdeko asaldaketa politiko-militarrak narkotrafikoaren aurkako borroka konplexuago egiten dute Ginea Bissaun. Herrialdea Mendebaldeko Afrikako droga trafikoaren erdigune bihurtu da, eta arazo honi aurre egiteko baliabide gutxi dituztela salatu dute polizia zein agente judizialek.

Ginea Bissauko narkotrafikoa gutxitu beharrean, gordeagoa eta estaliagoa bilakatzen ari da, Estatuko hainbat sektoreren esku-hartzea dela eta.

Bertako kazetariek diote droga trafikoarekin lotura dutela diplomatikoek, analistek, polizia agenteek, arduradun militarrek eta hainbat politikarik.

Baliabide faltak, politikarien eta militarren parte-hartzeak eta desegonkortasunak drogen aurkako borroka zailagoa egiten dute atzerritik arazoari aurre egiten lagundu nahi dutenentzat.

Armadako buruzagi bat, Jose Americo Bubo Na Tchuto, hainbat estatu-kolpe saiakeratan parte hartu izan duelako susmagarria -batzuk arrakastatsuak, beste batzuk ez-, 2010etik dago AEBen droga trafikatzaileen zerrendan.

Hala ere, Edmundo Mendes errepublikako fiskal nagusiak adierazi zuenez, beren «borondatea eta determinazioa benetako» da, baina «erakunde kriminal horiek eraginkorragoak dira gurean, eta hemen bezala, garai politiko tirabiratsua bizi duten herrialdeetan», eta ez zuen inolako aipamenik egin Estatuaren sektore gehienen inplikazioari buruz.

Otsaila eta martxoa bitarte 3.790 kilogramo kokaina atzeman zituzten, pakete handi eta bola txikietan bilduak. «Ez da kantitate handia, baina guretzat garrantzitsua da, denbora luzean ezer atzeman gabe ginen eta» agertu zuen Joao Biague, Polizia Judizialeko buruak.

Baina, Biaguek adierazi moduan, jakina da Ginea Bissaun droga kantitate oso txikiak mugitzen direla, eta batez ere, droga eskuz aldatzeko, trafikatzaileen artean pasatzeko gunea da herrialdea.