GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Baliteke Breivikek buruko gaitzen bat izatea, baina sistema gaixo baten seme ere bada

Hasi da Oslon Anders Behring Breiviken aurkako epaiketa. Joan den uztailean ustez 77 lagun hil zituen, eta hala onartu zuen berak, baina atzo, epaiketaren lehen saioan, ez zuen bere burua erruduntzat jo, bere buruaren defentsan jokatu zuela esanez. Breivikek buruko gaitzen bat duen ala ez epaiketan ebatzi beharko dute, adituen laguntzaz; nolanahi ere, Breiviken diskurtsoa, egindako sarraskiaren «euskarri teorikoa», ez dago bere gogo gaixo nahiz osasuntsuan bakarrik. Izan ere, diskurtso hori Breivik epaitzen ari diren aretoan baino lehenago entzuna zen, eta Europa osoan hedatuta dago, azken urteotan bereziki. Areago, aitzindari politiko ugarik bere egin dute, Europa kanpotarren eta kultur aniztasunaren arriskutik defendatu beharra aldarrikatuz, atzo Breivikek «Norvegia suntsitzen ari direnen kontra» ekin beharra aldarrikatu zuen bezala. Tolosako (Okzitania) gertakarien ondoren, esate baterako, Marine Le Penek eta Nicolas Sarkozyk egin zituzten adierazpenak diskurtso horren parte dira, arrazismoa eta xenofobia elikatzen dituen diskurtsoaren parte, alegia. Beharbada Breivik buruko gaitzen batek jota dago, baina gaixotasun larria duen sistema baten seme ere bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo