Francisco Escudero maisua musikatik harago eramango dute bere mendeurrenean
Francisco Escudero maisua XX. mendeko musikagilea izan zen. Aurten betetzen dira 100 urte bera jaio zenetik, eta Gipuzkoako Aldundiak omenaldia antolatu du bere musika «ezagutarazteko eta gogoratzeko». Kontzertuak, erakusketak, jardunaldiak, dantza emanaldiak eta hainbat argitalpen iragarri dituzte musikaria bere urteurrenean omentzeko urte osoko egitarauan, eta Musika Hamabostaldia eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango dira partaideetako bi.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
«Concierto vasco para piano y orquesta», «Zigor!», eta «Gernika» dira Escudero maisuaren sorkuntzetako hiru adibide. Baina beste askok osatzen dute bere lana. Lan handia egin zuen euskal gaien inguruko eta euskal testuetan oinarritutako musika sorkuntzan, eta sortzaile izateaz gain, figura garrantzitsua izan zen Gipuzkoan, musikaren alorrean, XX. mendearen bigarren erdian. Izan ere, Donostiako kontserbatorioko zuzendari eta harmonia irakasle izan zen, eta garai horretan sortutako hainbat musika talderen sustatzaile eta zuzendari izan zen, Donostiako Banda, Kontserbatorioko Orkestra eta Gipuzkoako Kamara Orkestra, besteak beste.
Lan handia egin zuen gizonak, baina askotan, atzo egindako aurkezpen ekitaldian bere semeak azaldu zuenez, ez zuen merezitako erantzuna jaso. «Oso jende gutxik luzatu ditu bere eskuak nire aitaren musikarengana. Gehienek gorrarena egin dute», esan zuen Francisco Maria Escuderok, musikagilearen seme eta Donostiako Kontserbatorioko gaur egungo zuzendariak. Gainera, beraren ustez, Euskal Herri mailan euskal musikagileek ez dute tokirik gure antzokietan: «Kursaala daukagu, Euskalduna jauregia, Baluarte... baina zenbat euskal musikagile programatzen dituzte bertan?». Beraren ustez, «nolanahiko operitak» antolatzera jotzen du gizarteak. «Gezurra dirudi nire aita eta beste hainbat konpositore ez izatea behar adina ezagun gaur egun», amaitu zuen esaten.
Musikatik harago
Programazioa 50 jarduerek baino gehiagok osatzen dute, eta apiriletik abendura arte Gipuzkoako hainbat herritan izango dira kontzertuak, jardunaldiak, proiekzioak, erakusketak...
Kontzertuen alorrean, eskainiko diren 26 emanaldien artean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ekainaren 14an 20.00etan Kursaalen eskainiko duena nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek. Bertan, «Dantzari baten ametsa» interpretatuko du orkestrak. Bestetik, orkestra berak, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, abuztuaren 17an, 20.00etan, «Illeta» obra interpretatuko du Andra Mari Koralarekin batera.
Gainera, «Mitoen Sinfonia» obra hiru formatu ezberdinetan eskainiko dela azaldu zuen Jon Bagüesek, Eresbileko zuzendariak. Lehena maiatzaren 19an izango da, Errenteriako Fatimako parrokian, eta Orereta abesbatzak, Patxi Zubizarretak eta Krater Ensemblek hartuko dute parte. Bigarren emanaldia, formatu handiagokoa, ekainaren 11n izango da Donostian, non, Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko ikasleek «Mitoen Sinfonia» eta «Klabezin eta orkestra seikoterako kontzertua» eskainiko duten.
Bagüesek gainera, Zarauzko Udalaren esfortzua nabarmendu nahi izan zuen, eguneroko jarduera kulturaletan Escuderoren musika barneratuko baitute urte osoan zehar. Adibidez, Zarauzko hondartzan megafonia bidez, eguneroko agurrarekin batera, bere lanen zatiak izango dira entzungai.
Baina gertuagoko datei begiratuz gero, hilaren 27an, Zarauzko Ispilu Arte Galerian, Pikondopetik biolontxelo laukotea arituko da 19.30etik aurrera, eta maiatzaren 6an, Oñatiko Santa Ana antzokian, Musikeneko Hausoka bikoteak «Urantzu» interpretatuko du.
Kontzertuak ez ezik, lehiaketa, erakusketa, antzerki eta mahai-inguruak iragarri dituzte egitarauan. Horrez gain, Koldo Mitxelena Kulturuneak urriaren 3tik 24rako jardunaldiak antolatu ditu. Maiatzaren 29tik uztailaren 8ra bitartean adibidez, Zarauzko Photomuseum-en Escuderori buruzko dokumentalen proiekzioa eta argazki eta partitura orijinalak biltzen dituen erakusketa izango da.
Argitalpenei dagokienez, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza eskolak orain arte argitaratu gabeko lanak aterako ditu. Bestetik, Gipuzkoako Aldundiak Escuderoren bizitzari eta lanari buruzko monografia bat argitaratuko du, Itziar Larrinagak egina, eta Musikenews eta Euskonews aldizkari elektronikoek monografiko bera eta konpositorearen inguruko elkarrizketak eta artikuluak jarriko dituzte hurrenez hurren. Gainera, urtean zehar argitaratutako testu guztiak PDF formatuan webguneetan eskuragarri jarriko dituzte, mendeurrena amaitu ostean (hala nola Gipuzkoako Aldundiak eta Eresbilek).
Francisco Escuderoren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatutako omenaldiak urte osoa iraungo du. Egitaraua jadanik hasi da, eta abendura arte jarraituko dute ekitaldiek, besteak beste, Zarautzen, Donostian, Oñatin eta Zumarragan.