Eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa Bilbon, ostiral honetan
Eleak mugimenduak ekitaldia antolatu du, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketak salatzeko eta oro har Estatu espainolaren errepresioaren eta eskubide zibil eta politikoen urraketen amaiera eskatzeko. Ostiralerako egin dute deia, 19.30ean, Bilboko Plaza Barrian.
Jon ADAN | BILBO
Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak atzo Bilbon egindako agerraldian gogorarazi zuenez, Auzitegi Nazionalean D3M eta Askatasunako hamahiru lagun epaituko dituzte apirilaren 30ean, Euskal Herriko milaka pertsonen bozkatzeko eskubidea bermatzeagatik. Lagun hauei babesa eskaintzeko, eta errepresioaren eta eskubide zibil eta politikoen urraketaren bukaera aldarrikatzeko, ostiral honetan, 19.30ean, Bilboko Plaza Barrian «Eskubide guztiak guztiontzat» lelopean egingo duten ekitaldian parte hartzera deitu zuen.
Haritz Petralandak eta Arantza Urkaregik, Eleak mugimenduko kideek, Bizkaiko hainbat herritarrek jasaten duten eskubide zibil eta politikoen urraketaren berri eman zuten; hartara, jasaten ari diren errepresio eta zapalkuntza egoera anitzak salatu zituzten.
Azaldu zutenez, Estatu espainolak sustatutako eta Estatuko botere judizialak eta poliziak kudeatutako «Todo es ETA» teoria erabilita, gaur egun, oraindik ere, jende asko espetxean gatibu dute, jazarpena jasaten dute, identifikarazten dute, isunak ordaintzera behartzen dute... eta abar luze bat.
Beste hainbat, berriz, «euren eskubide zibil eta politikoak praktikara eramateagatik», Auzitegi Nazionalean epaitu behar dituztela gogorarazi zuten.
Horiek horrela, Estatu espainolari mezu garbia helarazi zioten: «Euskal Herriak bake eta normalizazio egoera baten aldeko apustu garbia egin duen honetan, onartezina da agertoki berriaren testuingurura egokitu nahi ez duten eta antzinako errezetekin aritzen diren elementu polizial eta arduradun politikoak egotea».
Estrategia horren helburua, gizarteko sektore jakin baten aurkako kriminalizazioa dela adierazi eta Euskal Herriko elkarte eta eragile askok, manifestatzeko, libreki adierazteko edota elkartzeko oinarrizko eskubi- deen zanpaketa jasan dutela salatu zuten.
Horren guztiaren adibide moduan D3M eta Askatasunako kideen aurkako epaiketa jarri zuten. Hamahiru lagun epaituko dituzte, beraien aurka 7 eta 9 urteko espetxe zirgor eskaerak eginda. Euren delitua, azaldu zutenez, Euskal Herriko milaka pertsonen bozkatzeko eskubidea bermatzea izan zen.
Eraso horiei erantzuteko, ostiralean, 19.30ean Bilboko Plaza Barrian egingo den ekitaldian parte hartzeko deia egin zuten.
Eleak Arartekoarekin bilduko da gaur, besteak beste D3M eta Askatasunako kideen aurkako auzia azaldu eta konpromisoak eskatzeko. Epaiketara begirale gisa joateko eskatuko diote.