Aizkora Urrezko lehiaketa
Mujika eta Senosiain I.a izan dira Zumaiako kanporaketako bi onenak
Jon LEUNDA
Mujikak eta Senosiain I.ak lortu zuten atzo Zumaian Urrezko Aizkorako hurrengo saioan aritzeko txartela. Lehenengoak maiatzaren 1ean Lazkaon izango du hurrengo saioa; eta nafarrak, berriz, apirilaren 29an, Lazkaon.
Sei aizkolari neurtu ziren atzo Zumaian, baina azken orduko aldaketa bat ere izan zen. Mugertza II.a bertan zen izatekoa, baina mutrikuarrari aitona hil zaio eta ezin izan zuen bertaratu. Beraren ordez, Kañamares III.a aritu zen lanean. Bi multzotan jokatu zuten lehen fasea, eta bakoitzetik bik egin aurrera.
Lehen multzoa oso polita suertatu zen. Lehen proban Otaegik Larrañagari irabazi egin zion, Erasunek Otaegiri, eta Larrañagak Erasuni. Bakoitzak proba bana bereganatu zuen; baina denborei begiratuta, Larraga izan zen onena, eta atzetik Otaegi eta Erasun sailkatu ziren.
Bigarren multzoan Mujika izan zen onena, Senosiain I.aren eta Kañamares III.aren aurretik. Finalerdietan Senosiainek irabazi egin zion Larrañagari, nahiz eta azpeitiarrak garaipena gertu izan zuen. Adar handi batek kendu zizkion aukerak. Hala ere, itxura bikaina eman zuen gipuzkoar gazteak. Mujikak Otaegi hartu zuen mendean.
Finalean, berriz, Mujika eta Senosiain I.a neurtu ziren, eta Ibarrakoak lortu zuen garaipena. Hasieratik hartu zuen aurre, eta amaierara arte atzetik izan zuen Olagueko aizkolari beteranoa. Lehen fasean, aizkolariak enbor bat zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta finalerdietan eta finalean, berriz, aizkolari bakoitzak bina enbor erdibitu behar izan zituen.