Ezker abertzalea batzeko inkestak 1.650 lagunen iritziak bildu ditu
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ezker abertzalea bateratzeko xedearekin, joera askotariko talde batek neguan abiatutako itaunketa sakona amaitu berri da. Lehen ustekabea erantzun dutenen kopurua bera izan da: banatutako 3.000 galdeketetatik, 1.650 jaso dituzte. Egileen ustez, «ezkerreko abertzaleak beren iritzia emateko gose zirela» frogatzen du horrek.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Iazko urriaren 19n Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko esparru askotarikoan diharduten berrogei bat lagunek urtebetez prestatzen aritutako ekimen berezi baten berri eman zuten. Ezker abertzale batua osatzeko bidean, sentsibilitate politiko horretan kokatutako ahalik eta pertsona gehienen iritziak eta proposamenak jasotzeko asmoa iragarri zuten. Xede horrekin galdeketa sakona burutu dute.
Hiru hilabeteetan 3.000 galdeketa (aurrikusitakoaren bikoitza) banatu dituzte Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko abertzale ezkertiarren artean eta erantzunen emaitza ikusgarria izan da. Izan ere, erdiak baino gehiagok, 1.650 zehazki, erantzun dute zazpi ataletan banatutako 35 galderei eta horien barnean zeuden 100 aldagaiei.
Asier Etxenike soziologoak eta François Mimiague Bordeleko unibertsitateko irakasleak bereziki nabarmendu dute parte hartzearen garrantzia. «Erantzunen kopurua sorpresa izan da. Horrek soilik jada frogatzen du iniziatibaren egokitasun politikoa une eta gune honetan eta, inplizitoki, jendea antzeko ekimen baten zain zegoela ere bai» adierazi du Mimiaguek.
Heren bat militante
Azterketaren seriotasuna bermatzeko, gutxienez 600 bat erantzun eskuratzea derrigorrezkoa jotzen zuen irakasleak. Jasotakoak ikusita, jendea irrikitan zegoela bistan geratu da bere iritziz. Itaunketa anonimoa izateak ere lagundu duelakoan dago.
Arrapostua eman dutenen artean, bi herenek inon ez dutela militatzen aitortu dute. Erdiak gutxi gorabehera euskaraz erantzun diote galdeketari. %4 Zuberoan bizi dira, %28 Nafarroa Beherean eta gainerako bi herenak Lapurdin. Emakumeak baino gizonezko gehiagok (%56) erantzun diote galde-sortari.
Adinari dagokionean, 15 eta 80 urte bitartekoak galdezkatu dituzte eta erantzun dutenen batez besteko adina 43 urtekoa izan da.
Inkestaren emaitzak eta ebazpenak publiko egin aurretik, militanteei aurkeztuko dizkiete lehentasunez. Hala, datorren ostegunean bertan, 19.30tan Hendaiako autoportuan izango da lehen bilkura irekia.
Hurrengoa ostiralean, 20.00- tan, Kanboko Zabalki aretoan egingo dute. Larunbatean, berriz, Ange- luko Denen Etxean (10.00etan) eta Izurako Haize Berri aretoan, (14.00tan) aurkeztuko dituzte.
Azterketa osatzeko, elkarrizketa sakonagoa egingo diete 30 edo 40 bat lagunei. Inkestan jasotako iritziei buruz, galdeketa kualitatiboa egingo diete.