Haurrek ausardia, koldarkeria, errua eta ardura bereizteko bi ipuin idatzi ditu Begoņa Ibarrolak
Begoña Ibarrolaren «Zeurea da errua» eta «Ausarten kluba» ipuinak euskaratu ditu Miren Agur Meabek. Sei urtetik aurrerako haurrei zuzenduta dauden istorio pedagogiko ilustratuak dira.
Ane ARRUTI | BILBO
Sentipuinak bilduman aurkeztu zituen atzo Elkar argitaletxeak Begoña Ibarrolaren bi libururen euskarazko itzulpenak. Bildumaren izenak dioen moduan, ipuin bakoitzak sentimendu bat biltzen du eta honakoetan ausardia eta errua landu ditu idazle bilbotarrak. «Heldu gutxi dira sentimendu hauetaz hitz egiten ausartzen direnak. Haurrentzat dira ipuinak, baina helduek ere eskertu dizkidate, askotan ez baitakite kontu hauek nola azaldu, izan seme-alabei, izan ikasleei», azaldu zuen Ibarrolak.
Jaiotzez bilbotarra bada ere, Madrilen bizi da urte askoan. Psikologian lizentziaduna da eta haur eta nerabeekin lan asko egin du. Liburu ugari idatzi ditu gaztelaniaz: «Cuentos para educar niños felices», «El desayuno mágico», «Los guardianes del Arcoiris»... Atzo aurkeztutako bi hauexek dira euskarara itzulitako lehenengoak.
«Zeurea da errua» ipuinak bi urtxintxa ahizpen istorioa kontatzen du. Gazteenak gertatzen den guztiaren errua zaharrenari botatzen dio, eta honek, berriz, guztiaren errua berea dela uste du. «Haur batzuk behar ez dutenaren errudun sentitzen dira: gurasoen banaketaren errudun, aiton-amonen heriotzarena... Ardura eta errua bereizten laguntzeko balio du ipuin honek», azaldu zuen Ibarrolak. Ilustrazioak Jose Luis Navarrok egin ditu.
Bullyng-aren aurrean, ausardia
Bigarren ipuina, berriz, ausardiari eta koldarkeriari buruzkoa da; «ez dute derrigorrean kontrakoak izan beharrik», argitu zuen idazleak. «Egoeraren araberakoa da: zerbaitetarako ausarta izan zaitezke eta beste zerbaitetarako koldarra».
«Ausarten kluba» ipuinean, Samuel gelako indartsua da eta Alan protagonistak ez daki bere aurrean nola defenditu, arazo guztiak indarrez konpontzen baititu. Aurre egiteko ausarten kluba osatuko dute hainbat gelakidek, elkarri lagunduz defenditzeko. «Istorio erreal batetik abiatutako dago, nire lagun baten semea da Alan eta berarekin bullyng-a gainditzeko terapia bezala erabili nuen».
Ibarrolaren esanetan, Pablo Auladellen ilustrazioek garrantzi handia dute ipuin honetan. Umearen ikuspegitik munstro handi baten moduan irudikatu baitu Samuel. «Ipuin honek harrera hobea du Lehen Hezkuntzan, eta bisitatu ditudan eskola batzuetan dagoeneko sortuta zituzten ausarten klubak», kontatu zuen idazleak.