Lauaxeta sariak poesia eta ikus-entzunezko alorretako lan bana ere sarituko ditu aurten
GARA | BILBO
Lauaxeta sariak bi berrikuntza izango ditu aurtengo ediziotik aurrera. Izan ere, ohiko ohorezko Lauaxeta sariaz gain, Lauaxeta poesia saria eta Lauaxeta ikus-entzunezkoen saria ere banatuko baititu. Aurten, Esteban Urkiaga Lauaxeta idazle eta poeta fusilatu zutenetik 75. urteurrena betetzen da, eta atzo azaldu zutenez, Bizkaiko Diputazioko Kultura Sailak aukera hau aprobetxatu nahi izan du iaz memoria historikoari buruz egindako lan poetikoak eta ikus-entzunezko lanak sustatzeko.
Lauaxeta sariak «pertsona eta irabazi asmorik gabeko erakunde batzuek euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egiten dituzten ahaleginak eskertu eta aintzat hartzeko helburua» du, Josune Ariztondo Kultura diputatuak adierazi zuenez.
Ahaleginaren aitortza egiteaz gain, Lauaxeta sariak gizartea inplikatu nahi du lan horretan. Horrexegatik, aurten berrikuntza bi izango dira: Lauaxeta poesia sariak euskaraz eta bertsotan edo prosa poetikoan sortutako lana sarituko du; eta ikus-entzunezkoen sariak, berriz, memoria historikoari buruz euskaraz sortutako dokumental formatuko ikus-entzunezko lanak sarituko ditu, hau da, Euskal Herriaren bilakaera historikoan arrastoa utzi duten gertakari, talde edo pertsonetan oinarritzen diren lanak.
Iaz Gerediaga Elkarteak jaso zuen saria. «Gure lanaren eta esfortzuaren txinpartak bizirik irauteko hauspo bat eman diguzue», esan zuen Nerea Mujika Gerediagako zuzendariak. Durangaldeko ondare historikoa, artistikoa eta dokumentala berreskuratzen, folklore-adierazpenak mantentzen, eskualdearen iragana ikertzen eta lan berriak sustatzen egindako lana aitortu zieten, besteak beste.