Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Definitzen hasita
Galdetzen dit Pipik ea nola definituko nukeen ipuin kontalaritza. Ustez garbi duzun gauza horietakoa da, baina azaltzen hasi eta zalantzak baino ez. Inprobisatzen diot erantzuna, hala ere ertz asko gelditzen dira kamusteko. Izan ere, jende aurrean ahoz gora narrazio bat eskaintzen den jardun artistikoa dela esanez gero, Dario Fo etorriko zait burura, kontalaria itxuraz baina aktorea izatez, edo bufoia, berak dioen gisa. Halakoetan, beraz, onena izan ohi da, zalantzak argitu aldera, ikasiago eta argiago den batengana jotzea, Italo Calvino esaterako. «Maitagarri ipuinaren eraikuntzaren teknika konbentzioei eta asmatzeko askatasunari zaion errespetuaz baliatzen da (...); kontalariari dagokio antolamendua (...), puntu geldoetan azkartasunez irristatuz (...), eta bere artea, handia edo txikia, porlan gisa erabiliz, bere gehigarriak, bere paisaien koloreak, bere nekeak eta itxaropenak, bere `osagarriak'». Calvino kontalaritzaz mintzo zaigu, kontalaria azalduz; agian hor legoke gakoa, kontalarian. Ipuinak kontatua behar du izan, ezinbestekoa izanik kontalaria.
Kontalaritza definitzerakoan beraz, kontalariaren funtzioa bera definitu beharko genuke agian. Kontalaritzak kontalaria ardatz duela onartzen badugu, orduan kontalaria bera eman beharko da ezagutzera, bere lana, bere «antolamendua»; baina nola jakin hori, oraindik ez kontalaria, ez kontalaritza hain oinarrizkoa duten euren hitza, izena eta izana, ezagutzera emateko dauden zailtasunekin?, oraindik bestelako jardun sortzaileen pare ez bada hartzen? Agian ipuin kontalaritzak jendartean duen espazioa definitzen hasi beharko du lehenengo.