GARA > Idatzia > Euskal Herria

Musika eta antzezlana uztartuko ditu «Hemen gaude» emanaldiak, Gernikan

p014_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela-eta prestatu duten egitaraua aurkeztu zuten atzo Gernika Batzordeko kideek, zuzeneko musika, antzerkia eta literatura batuko dituen «Hemen Gaude» ikuskizuna ardatz izango dutelarik. Larunbatean izango da emanaldia, hilak 21, Gernikako Jai Alai frontoian, arratsaldeko seietan.

Xabier Jauregizar, Batzordeko kidea, aurkezle lanetan ibili zen, Gotzon Barandiaran idazle eta Rafa Rueda musikariarekin batera. Azkeneko bi horiek izango dira ekitaldi nagusiaren arduradunak, Barandiaran gidoilari gisa, eta Rueda, bere taldearekin, musika zuzenean joz.

Barandiaranen esanetan, ekitaldiak «euskal sortzaileek kontaturiko historia» transmititu nahi du, «euren egia, ez egia absolutua, hori ez delako existitzen, baina egia, azken finean», zehaztu zuen Larrabetzuko idazleak.

Antzezlanak lau pertsonaia izango ditu, eta Kukubiltxo antzerki taldeko kideak jokatuko dituzte paperak. Barandiaranek azaldu zuenez, protagonistak bere burua eus- kalduntzat du, baina «duda ugarirekin», besteak beste, «euskalduna izatea kulturalki, linguistikoki, politikoki, zer den, eta ze zentzu duen».

Beste hiru pertsonaiek protagonistaren kontzientziaren lana beteko dute, euskaldun sentitzeko sentipen eta zalantzak areagotuz edo gutxituz. Autoreak azaldu zuenez, modu honetan, «euskaldun sentitzearen, eta identifikazio nazional horren erpin guztiak» landu nahi dituzte.

Klasikoak eguneratuz

Rafa Rueda musikariak hartu zuen hitza jarraian. Bere bandarekin batera, «ikuskizunaren atrezzoa» bihurtuko dira, berak esan bezala, «antzezleen lana borobilduz»

Euskal kulturako musika pieza klasiko eguneratuak joko ditu Ruedaren bandak: Txomin Artola, Benito Lertxundi edota Ken Zazpiren lanak. «Musikaren letrek esanahi propioa izan nahi dute, berezko zentzua obraren osotasunean» azaldu zuen musikariak.

Ekitaldi nagusiaz gain, beste zenbait ekintza burutuko dira asteburuan Gernikan. Igandean, esaterako, «Gernika eta Gernikak oroimenean» ekitaldia izango da, bonbardaketan hildakoen memorian, eta arratsaldean, bertso trama Lizeo Antzokian, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita bertsolariekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo