GARA > Idatzia > Mundua

Sudanek Heglig hartu du, Hego Sudanek tropen erretiratzea iragarri ostean

Sudango Defentsa ministroak Indar Armatuek Heglig hiriburua «askatu» zutela adierazi zuen; hain zuzen, Hegoaldeko Sudanek, bi herrialdeen arteko elkarrizketak bultzatzeko asmoz, bere tropak bertatik «berehalakoan» erretiratuko zituela adierazi eta ordu gutxira.

p023_f01-148x108.jpg

GARA | KHARTUM

Sudango Defentsa Ministerioak herrialdeko Indar Armatuek Heglig hiria indarrez «askatu» zutela adierazi zuen atzo. Bi ordu lehenago Hego Sudango Gobernukoak bere Armadari bertatik erretiratzeko agindua eman ziola adierazi zuen, elkarrizketak mesedetzeko.

Heglig, petrolio eremu garrantzitsua, Sudanen eta Hego Sudanen arteko gatazkaren protagonista izan da, azken honek apirilaren 10ean hiria hartu zuenetik.

«Indar Armatuek Heglig askatzea lortu dute», adierazi zuen Abdel Raheem Muhammad Hussein Defentsa ministroak.

Barnaba Marial Benjamin, Hego Sudango Gobernuko Informazio ministroak argitu zuen Salva Kiir lehendakariak Hegligetik erretiratzeko emandako aginduak elkarrizketarako egoera egoki bat lortzea zuela helburu.

Hego Sudanek iazko uztailean independentzia eskuratu zuenez geroztik, Heglig hiriaren -Sudango lurraldean- okupazioa izan da bi herrialdeek izan duten mugaldeko gatazka larriena.

Hego Sudango bozeramaileak Hegligen gaineko auziak nazioarteko ebazpena behar duela ohartarazi zuen.

Bestalde, Am Dafok eskualdean (Sudan, Txad eta Afrika Erdiko Errepublikaren arteko mugan) izandako eraso baten ondorioz, hamaika militar afrikaerditar hil eta bederatzi zauritu ziren, Sudanen hiru mugak behatzeko misioa betetzen ari zirela. Afrika Erdiko Gobernuko iturri anonimo batek plazaratu zuenez, erasoa Hego Sudandik etorritako «erreboltari» batek egin zuen.

Darfur arriskuan

Darfurren dagoen Nazio Batuen Erakundearen eta Afrikako Batasunaren bake misioaren erakundeak (Minuad) asteazkenean adierazi zuen eskualde horretako (Sudan mendebaldean) erreboltariek Juba eta Khartumen arteko tentsioa leherraraziko zuten beldur zirela.

Ibrahim Gambari, Minuadeko buruak, asteartean Darfurren izandako hiru erasoen aurrean «Sudanen eta Hego Sudanen arteko tentsioen testuinguruan, Darfur ezegonkortu nahi duten mugimendu armatuek oso kezkatuta» zeukatela adierazi zuen komunikatu batean.

Gambariren esanetan, honelako ekintzek iaz Gobernuak eta erreboltariek Dohanen sinatu zuten bake hitzarmena ahuldu lezakete.

Ban ki-moon

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak adierazi zuen Hego Sudanek Heglig okupatu izana «ilegala» zela. Aldi berean, Sudani bonbardaketak gelditzeko eskatu zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo