GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Frankismoko presoek Argentinara joko dute, espainiar Justiziak itxi dien bideari helduta

Lau euskal herritarrek, frankismoko presoen bi elkartetako kideek, Argentinako epaile batek deituta, diktaduran atxilotu eta torturatuak izan zirenen hainbat lekukotasunen berri emango diote herrialde hartako Justiziari, erantzukizunak eskatzeko asmoz. Albiste ona da preso ohi horientzat eta frankismoak hildakoen senideentzat beren eskaerak Argentinan, epaile baten irmotasunari esker, oihartzuna izatea, beraientzat eta edonorentzat. Eta ez da harritzekoa herrialde hartara jo behar izatea, gauza jakina baita espainiar Justiziak uko egin diola frankismoko krimenak ikertzeari. Preso ohi horiek, hartara, Estatu espainolean guztiz itxita duten bide bati heldu diote. Izan ere, Argentinan diktaduran izandako desagerrarazteak, torturak eta hilketak zigorgabe uzten zituen legea onartu bazuten ere, ondoren baliogabe utzi eta gehiegikeria haiek epaitzen hasi ziren. Estatu espainolean ez zen horrelako legerik ezarri, Amnistia Legea izenekoa baizik; hala ere, lege haren helburua frankismo bukaeran kartzelan zirenak askatzea zela esan bazuten ere, frankismoaren krimen guztiak zigorgabe geratuko zirela bermatzea zuen xede. Alabaina, Argentinan ez bezala, botereek ez dute atzera egiteko borondaterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo