GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Desenkusaren txantxa

Patxi Lopezen arazoa ez da titulu akademikorik ez izatea, ezta hurrik eman ere, inguruan dituen tituludunak baizik, hura aholkatzen barik, izorratzen tematuta ematen dute eta. Antonio Basagoitik Homer Simpsonen pare jarri zuen lehengoan, baina hurrengo egunean argi utzi zuen konparazio hura txantxa bat baino ez zela izan, bere asmoa zela Lopezek aintzat hartzea herri bat gobernatu eta gidatzeko akordio parlamentario bat duela. Basagoitiren azalaren gogorrak (eta karguak) gogora ekarri zidan Carlos Iturgaiz Europako Parlamentuan omen, beharbada, ustez... dagoena. Gasteizkoan zegoenean, parte-hartze gogoangarriak izan zituen eta haren etorria egungo hizlarien eredu da. Hala ere, esku-hartzerik gogoangarriena Jaime Mayor Orejaren aulkiko botoietan «modu inkontzientean endredatzen» ibili zenekoa izan zen.

Kontua da argi geratu dela Basagoitik ez zuela Lopez mespretxatu nahi. Baina haren gainean esandakoak txantxa bat baino ez zirela izan bezain argi dago errege espainiarrak ez zuela aldaka hautsi nahi eta, horrenbestez, ez zuela zertan desenkusatu. Joan den martxoaren 14an, Bartzelonan, La Caixaren bekak entregatzeko ekitaldian, erregeak, protokoloak aurreikusitako unean barik, gogoak eman zionean hasi zuen bere diskurtsoa. Erregeak hanka sartzea tradizioa omen da ekitaldi horretan (eta gehienetan). Egun hartan, ohiko dotoreziaz, esan zuen: «Denon esfortzuarekin, aurrera aterako gara», eta han ziren guztiak barrez lehertu ziren. Baten batek ohartarazi zien ez zela txistea izan, eta erregeak jarraitu egin zuen, gazteen langabeziak batzuetan loa galarazten diola esanez (ni ez naiz eskuzabaltasun maila horretara iritsi oraindik, baina guztiz bihozgabea ere ez naiz, eta egun hartan kosta egin zitzaidan loak hartzea erregea horrela ikusita eta bospasei kafe hartuta). Zer gehiago nahi dugu espainiarrek eta gainerako basailuok? Ez al du merezi noizbehinka hondartzara, perretxiko bila edo elefante batzuk ehizatzera joatea? Zalantzarik ez. Hala ere, jendaurrean barkamen eske agertu zen koitadua. Ez al zen nahikoa txantxa bat izan zela esatea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo