GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Aitzakia iraunkorraren paradigma

Bustitzen ez denak loiaz zikindu arte bustitzen dena mezpresa dezake. Eta, gainetik begiratuz, jakina! Halakoak atzematen ari naiz gure herrian ondarreko garaietan

Urte asko preso eman zituen lagun batek kontatu zidan, lehengoan, kartzelan ezagututako pertsona baten istorioa. Protestaren batean parte hartzea proposatzen ziotenean, protesta gogorrenaren beharra aipatzen zuen, erantzun gisa. Matxinada orokorra, mugarik gabekoa, dena apurtuz, presondegia sutan jarri artekoa, horretan bai hartuko zuela parte, baina hori antolatzen ez zen bitartean, ez zirikatzeko txorakeriekin! Gizona, hau argituta, lasai aterpetzen zen bere pasibitate duinean, gainontzeko guzien gainetik, ohorea salbu, besteek kolpeak eta bestelako ondorio latzak pairatzen zituzten bitartean.

Istorioa ezaguna egin zitzaidan. Horrelako pasibitatea errentagarria bilakatzen da, tamalez. Bustitzen ez denak lohiaz zikindu arte bustitzen dena mespretxa dezake. Eta, gainetik begiratuz. Halakoak atzematen ari naiz gure herrian hondarreko garaietan. Aurreko uneetan ere gertatzen zen, baina bestela. Orduan, pasibitate duinaren aitzakia nagusia borroka armatuari lotuta etortzen ohi zen. Armarik gabe ez dakit zenbat gauza egiteko prest zeuden batzuk. Desobedientzia zibila, intsumisioa, edozein erronkari eusteko determinazioa zuten, nonbait. Tamalez, ETAren jarduera armatuak hori dena ezinezko bilakatzen zuen. Busti gabe gelditzen ziren, baina errua, beste batzuena zen.

Orain, hainbat joera aldatu dira. Lehen armak soberan jotzen zituzten batzuek armen faltaren pena sufritzen omen dute egun. Instituzioetara joateko premia azpimarratzen zuten beste batzuek, berriz, Bildu instituzioen sare gaiztoetan erori dela salatzen dute, lasai asko. Modan jarri da, bestalde, estrategiarik ez dagoela aipatzea. Ez dugu estrategiarik. Mendeak garamatzalako, eraman ere, estrategiarik gabe. Batek daki nola iritsi garen gaur egungo egoerara horrela, baina...

Badirudi milaka gizon eta emakumeen lana, borroka, sufrimendua, finean, urteetako lanaren fruituak bazter daitezkeela azterketatxo baten bidez. Mikrofono baten aitzin esan edo paperaren gainean idatzitako xelebrekeria batek hori guzia baino gehiago balio duelako, batzuen ustetan. Arrazoiak, mezuak, gaiak aldatzen dira, baina ez bustitzeko joera errepikatzen da.

Esanen didazue, beharbada, kritikak egiten dituzten asko busti egin zirela, eta oraingoan ere bustitzen direla. Jakina! Ez naiz horietaz ari. Ez ditut kritikak salatzen; mina egitea eta norberaren pasibitatea justifikatzea helburu duten jarrerak baizik. Nik ere kritikak egiten ditut, batzuk zutabe honetan, edonork irakurtzeko moduan. Baina gauza bat da kritikak ontzat hartzea, ekarpenei ongi etorria emanez, eta beste bat indar bilketa eta borroka ideologikoaren bazterketa nahastea. Ikasi dugu, nik behintzat ikasi dut, iraganean esan eta idazten ziren argudio batzuk ez zirela aitzakiak. Ikusi dut, aurretik emandako hitza bete delako, esaterako, ezker abertzaleak egin dituen aldaketek beste batzuen aldaketak ekarri dituztelako. Baina harrigarria izan da batzuen joera, aitzakia batzuk erori bezain laster aitzakia berrien bila atera direlako korrika.

Eta, batzuei gustatzen ez bazaie ere, uste dut hau dena esan beharra dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo