«Akademia herrirako izatea nahi dugu; gaitasun handia dugu ekarpenak egiteko»
Jakiundeko presidente berria
Zientzia, arte eta letren euskal akademiako presidente berriaren esanetan, Jakiunden gaitasun ikaragarria dago gizarte honi ekarpenak egiteko, hagitz garrantzitsuak. Hori eginen dute, beren lana herrirako izatea nahi dutelako, irekia izatea. Gustura asko jasoko dute gizartearen feedbacka.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Jakiundeko presidente gisa Pedro Miguel Etxenikeren lekua hartu duen Jesus Mari Ugalde (Bergara, 1957) EHUko Kimika-Fisika katedraduna da. Bere ibilbidean berrehun zientzia argitalpen baino gehiago egin ditu, eta zientzia dibulgazioko hogei entsegu. Bertze sari ugariren artean, Euskadi Ikerketa Saria jasotakoa da.
Nola hartu duzu izendapen hau? Ze gogo edo nahirekin?
Arduratsu hartu dut, zientzia, arte eta letren euskal akademia delako, bakarra diziplinartekoa dena Euskal Herrian, berria ere bai -lau urte eta erdi besterik ez ditu, eta akademien urteak mendetan neurtzen dira-. Orduan, arduratsu hartu dut, jakina, arduratsu egindako lana handia izanik, erronkak txikiagoak ez direlako. Lanak mardulak izango dira.
Zein lan izango dira horiek?
Jakiunde agertu egin behar diegu orain euskal gizarteari eta euskal gizarte eragileei, baita gobernu eragileei ere, goi aholkularitzako erakunde bat bezala. Goi aholkularitza erakundea, inolako injerentzia edo alderapen politiko edo ekonomikorik gabe lan egiten duena. Hain bizkor doan mundu honetan intelektualtasun puntu bat eman behar zaie hausnarketei eta Jakiunderen ardura da hori; akademiak duen maila intelektual handitik eta bere diziplinartekotasuna aprobetxatuz orain badagokio lan hori egitea eta agertzea, helaraztea gizarteari. Jakiunde gizarteari zor zaio; ez da akademiarentzat berarentzat, baizik eta gizartearentzat.
Gizarteari ekarpena egiteko bide horretan, zein ekimen jarri dituzue abian?
Akademia jadanik agertzen hasia da gizartean, baina gazteen aurrean. Bi programa oso-oso arrakastatsu izan ditu, «Jakin-mina» eta «Topaketa» izenekoak, eta hor bere burua agertu izan die biharko egunean gure gizartearen euskarriak izango direnei. Orain gizarte helduari, gobernu gizarteari eta eragile gizarteari agertzea dagokigu: «Hemen gaude, nahi duzuenerako gaituzue. Baina ez hori bakarrik. Guk geuk ere, zuek eskatu gabe, egingo ditugu egin beharrekoak eta esango dizkizuegu esan beharrekoak».
Adibideren bat jarriko zeniguke? Edo aipatuko zeniguke egiteko asmoa duzuen ekintzaren bat?
Ez nuke ezer aurretik aipatu nahi, izango duzue horien berri dagokion unean. Baina Jakiundek baditu lau lan lerro lehenetsiak, joan den azaroaren 18an Bergaran horretarako bereziki egin zen bileratik eratorriak direnak. Beraz, lanean dihardugu eta dagokionean esango ditugu esan beharrekoak.
Zeintzuk dira lerro horiek?
Lehenengo lan lerroa krisiaren alderdi sozialei buruzkoa da: krisia ekonomikoa al da bakarrik? Etikoa da, soziala da, ekonomialariek eta finantza munduan dabiltzanek beren zilborrari begiratzeagatik datorren krisi bat? Horrelako kontuak aztertzen ari gara. Beste gauza oso inportante bat ingurumena da: ingurumena eta gure bizi kalitatea kontrajarriak al dira edo zein neurritaraino bildu daitezke biak batera? Beste bat sormena da, oso inportantea. Hemen, Bernardo Atxagak beti izaten ditu bere burutazioak, esaten duenean bere irudikoz irakurtzearen eta irakurritakoa ulertzearen gustu hori galtzen ari dela, eta horrek ondorio garrantzitsuak dituela gero gizartearen eraketan. Gai horri ere heldu egin diogu. Laugarren lerroa zientzia politikoen gainekoa da. Horiek oinarrian dituzten ildo estrategikoen inguruko hausnarketa da gure lana.
Ari al zarete lanean Bergarako egoitzan?
Oraintxe eraberritzen ari dira Bergarako egoitza eta jada hurrengo bilera orokorra, azaroaren 20koa, bertan izango da. Orain arte hainbat erakundek hartu gaituzte. «Elkartu zaitezte hemen, guretzako ohorea da», esan digute. Horrela aipatu behar ditugu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiak eta Nafarroako Gobernua. Beste bilera oso garrantzitsu bat Iparraldean egin genuen, Abbadia jauregian.
«Euskal gizarteari eta gizarte eragileei, baita gobernu eragileei ere, goi aholkularitzako erakunde gisa agertu behar diegu Jakiunde»
«No es que no quisiera seguir siendo presidente de Jakiunde, sino que no debía, aunque me hubiera encantado. He sido el primer presidente, el que creó la academia y me han dado una confianza casi infinita. Creía que la academia no debía identificarse con mi persona», expuso Pedro Miguel Etxenike tras el pleno celebrado ayer en el palacio Miramar de Donostia. De todas maneras, su presencia en la academia de ciencias, artes y letras queda garantizada, ya que fue elegido presidente de honor. En esta reunión, que se alargó más de lo previsto porque se crearon interesantes debates, también eligieron a doce nuevos miembros, quedando integrada la academia por 56 personas. Entre los nuevos nombres se encuentran Andres Arizkorreta, María Isabel Arriortua, Agustín Azkarate y José Manuel Castells.
Renovaron la composición de la Mesa, y fueron designados José María Asua, José Luis De la Cuesta, Javier Echeverría, Gurutz Jáuregui y Javier Tejada. Echeverría y Tejada serán los vicepresidentes de esta academia que es, en palabras de Etxenike, como «una centrifugadora de ideas», que trata de contribuir a dar respuestas a los problemas contemporáneos desde una perspectiva multidisciplinar. M. I.