GARA > Idatzia > Kultura

«Gazta zati bat», erabakitzeko eskubidea lortzeko erronka, Idiazabaldik mundura

«Gazta zati bat» ez da Idiazabalgo gaztaren propaganda egiteko iragarki bat, Jon Maia bertsolariak hiru urtetan zehar egindako dokumental bat baizik. Jaiotza Gipuzkoako herri txikian izan arren, oihartzun handia izan du dokumental «egiati» honek. Nazioen Mundua herri mugimenduaren proiektua da eta euskaldunon autodeterminazio eskubidearen aldeko topagunea aurkezten dute, politika albo batera utzi gabe baina protagonistak herritarrak izanik.
p046_f01_097x152.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

«Zu zara zure historiaren protagonista. Zure esku dago zer izan nahi duzun erabakitzea». Horixe da «Gazta zati bat» dokumentalaren mezu nagusia. Horixe da Idiazabalen jaiotako Nazioen Mundua herri mugimenduak defendatzen duen ideia, tesia, egia. Horixe da gaur 19.00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian defendatuko duten ideia, Nazioen Mundua ekimenarekin, bai eta dokumentalean agertzen diren hainbat aurpegi ezagun eta beste jende askorekin ere.

Munduan gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorioa. Herritar xume batzuek, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik, misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea. Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria.

Dokumentalaren sortzailea Nazioen Mundua herri mugimendua izan zen, autodeterminazio eskubidearen aldeko mugimendua. Honek «kolore, sentsibilitate eta izaera ezberdineko jendea bildu» nahi du. Izan ere, dokumentala bera «ahalik eta modu demokratikoenean» egin dela adierazi zuen atzo aurkezpen ekitaldian Jon Maiak. Hala ere, ez PPk ez PSOEk ez zuten parte hartu nahi izan proiektuan. «Bi alderdi horiekin saiakera handiagoa egin genuen parte har zezaten. Telefonoz deitu genien, bakoitzaren idazkari nagusiaren prentsa arduradunekin izan ginen, informazioa eskatu ziguten eta bidali genien... Baina ez zuten nahi izan». Hala ere, Maiak argi dauka etorkizunean zer gertatuko den: «Ez daukagu zalantzarik PP eta PSOE hurbildu egingo direla».

Aurreikuspena

Maiak azpimarratu nahi izan zuenez, Nazioen Munduak aurreikuspena izan zuen Euskal Herrian biziko zen egoera berriarekin. «Euskal Herrian blokeo egoeran geundenean Eskoziarekin elkarrizketak izaten hasi ziren. Aurretik ikusi zituzten gauzak, aukerak, eta horregatik daukagu prozesu guztia filmatuta. `Gazta zati bat' ez da gertatu ondoren egindako dokumental bat. Han ginen gertatu zenean, zuzenean grabatutakoa da. Nazioen Mundua zetorrenari aurrea hartuta dator».

Ekimen txiki bezala jaio zenak oihartzun handia izan du, eta adibide garbia Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian gertatutakoa da. Gaurko estreinaldirako ordu erdian agortu ziren sarrerak eta antolatzaileek datorren asteazkeneko 22.30erako beste proiekzio bat gehitu zuten programazioan, baina horretarako ere sarrera gutxi gelditzen ziren atzo arratsaldean.

Dokumentalaren soinu banda Esne Beltza taldeko Xabier Solanok eta Zigor Lanprek egina da. Euskal trikiti eta panderoekin batera eskoziar gaitak eta beste hainbat musika estilo garaikide uztartzen ditu. «Euskal Herritik mundura», deskribatu zuen Maiak. «Oso erraza izan zen sortzeko prozesua, eszena bakoitzean zer nahi zuten argi baitzuten. Guretzat izugarrizko ohorea izan da parte hartu izana», adierazi zuen Solanok.

Dokumentala egiten hasi orduko argi zuten partaideek Euskal Herritik kanpo zabaldu beharreko materiala zela. Hori bai, «ekoizle, egile eta sustatzaileak herritarrak direla ahaztu gabe». Hala, maiatzerako Euskal Herriko zinemetan ikusteko aukera izatea espero dute Nazioen Munduko kideek.

Dokumentalean zehar elkarrizketatutako pertsona bakoitzari galdera bera egiten dio Maiak: «Erabakitzeko eskubidea onartzen den eguna ikusiko duzula uste al duzu?». Eta noski, atzoko prentsaurrekoan berari bota zioten galdera hori bera. Bere erantzuna sendoa eta garbia izan zen: «Zalantzarik ez daukat ikusiko dudala».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo