Binakako finala
Autogestioaren bidetik, erregulartasunerantz
Aritz Laskurain azken bost txapelketetan hiru aldiz heldu da finalera eta lautan finalerdietan sartu da.
Jon ORMAZABAL
Buruz burukorako dohainik ez duten pilotarientzat Binakako Txapelketa izaten da, lehiaketari dagokionean behintzat, urteko zita nagusia, konparazio batera, Armstrongentzat Tourra izaten zenaren moduko zerbait. Urte osoa helburu bakar batera mugatzea, ordea, arriskutsua izan ohi da oso, baina Aritz Laskurainek behintzat, askok nahiko luketen erregulartasuna lortu du. Txapela dastatzea falta zaion arren, zenbakiak argiak dira; datorren igandekoa bere hirugarren finala izango da eta azken bost urteetarik lautan finalerdietan sartzea lortu du.
Emaitza hauen atzean formula miragarririk bilatzen duenak, ordea, jai omen dauka Soraluzekoarekin; «lana eta osasuna» dira atzelariaren errezeta. «Lesioek aspaldian errespetatu egin naute, aspaldian oso ondo nabil eta erregulartasun hori lortzeko funtsezkoa da. Asteburuetan jokatu eta aste barruan entrenatu, eta azkenean errutina horrek ematen dizu konfiantza maila», azaldu zion GARAri atzo Bilbon egindako entrenamendua amaitu berritan.
Izan ere, eskuek buruko min ugari eman izan dizkiote urteetan. Debut itxaropentsu baten ostean, sendatzea kosta zitzaion papiloma batek 14 hilabetez izan zuen kantxetatik at 2004 eta 2006 artean, eta horrek 2008ra atzeratu zuen Binakako Txapelketako debuta. Urte horretan finalerako txartela eskuratu zuen orain aurkari duen Titinekin, baina hurrengo urtean, Xalarekin bikotea osatzen zuelarik, lesio batek lehiaketa uztera behartu zuen.
2009. urteko txapelketa horren ostean, ordura artekoa atzean utzi nahian-edo, aldaketa sakon batzuk egin zituen bere eguneroko jardunean. Alde batetik, tailerreko lana utzi -mekanizazio lanetan aritzen zen- eta bestetik, prestakuntza fisikoa bere gain hartu zuen. «Aurreko zazpi urteetan prestatzaile fisiko batekin aritzen nintzen, baina azken hiruretan nire kontura nabil». Igor Gutierrezekin zuen lan harremana haustea ez zen inolaz ere traumatikoa izan, harekin ikasitakoekin eta bere gorputzaren seinaleei entzunez, prestakuntza bere gain hartu zuen, motibazioa berreskuratzeko asmoz.
Beste aldaketa bat
Emaitzei erreparatuta, argi dago Soraluzekoak bikain ulertu dituela bere gorputzak igorritako estimuluak. Pilotari gehienak taldeka prestatzen diren arren, Laskurainek bere kasa jarraitzen du; pilotalekuan Jokin Etxanizen laguntza izaten du, baina talde batera batzeko aukerari ez dio muzin egiten. «Uste dut heldu dela momentua zerbait aldatzeko eta bilatuko dut agian talderen bat», azaldu zuen Laskurainek.
Hori bai, lagunduta edo bakarrik, lanean konstantea izan beharra dago eta horretan gutxi bezalakoa da Laskurain. Lan ohitura horrek, gainera, azken unera arte amore ez ematen erakutsi dio, txapelketa honetan funtsezkoa izan duena. Finalerdietara justu-justuan sartu ziren; finalerdietara ere azken unean. «Matematikoki aukerak dauden bitartean aurrera egin behar da, eta urtero agian ez duzu lortuko, baina hor egongo zara», azaldu zuen Laskurainek.
Osasunez ondo egonda, emaitza onak pilatu eta muturreko egoeretatik onik atera ostean, bere buruarengan ere konfiantza handia lortu du eta hori igartzen zaio Laskuraini. Kantxan bere aurrelariari agintzen ikusi izan dugu bai aurten Xalarekin, baita aurreko bi urteetan Gonzalezekin ere.
Horren isla da azken partidaren aurreko material-aukeraketa egunean gertatutakoa ere. Pronostiko guztiek Olaizola II.a-Beroiz jotzen zituzten finalean egoteko faborito garbitzat, baina gipuzkoar atzelariak finalaren egunera arte agurtu zituen kazetariak. «Finalean egongo ginela sinetsita nengoen, baina hori esatea oso erraza da eta egitea, ostera, oso zaila. Kazetari batek egindako komentario bati erantzuten izan zen, erabat anekdotikoa. Prentsa aurrean ez ditugu egiten, baina aldagelan handiagoak botatzen ditugu», azaldu zuen Soraluzekoak.
«Zazpi urtetan prestatzaile batekin aritu ostean, azken hiruretan nire kasa nabil prestaketa lanetan. Jokin Etxanizen laguntza izaten dut frontoiko lanetan, baina bestela, ni bakarrik».
«Urte askoan eskuko arazoekin ibili nintzen, nire lekua bilatu ezinda, eta konfiantzarik gabe atzelari batek ezin du agindu». Orain, ordea, eskuak primeran ditu eta horrek bere buruarengan sinesmen handia eman dio.