GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aiarako jai herrikoiak, bisitari ororentzat irekiak

Atzo hasi eta bihar bukatuko dira Aiarako jaiak. Tarte horretan, Udalak proposatutako jai parte-hartzaile eta herrikoei lekukoa hartuz aiararrek eta herriko elkarte anitzek hamaika ekitaldi antolatu dituzte Aiarara hurbildu nahi duen ororentzat. Aurten, «Prontxi» barraskiloa izango da jaien irudia, San Prudentzio egunean barraskiloak jateko ohiturak duen garrantzia aintzat hartuta. Berdintasuna eta ingurumenaren zaintza izango dira aurtengo aldarrikapenak.

p022_f02.jpg

Jon ADAN | AIARA

Hasi dira dagoeneko Aiarako jaiak. Atzokoan Javier Angulo Aiaran jaiotako apaiza izan zen pregoilaria. Hartara, agurra egin eta txupinazoa bota eta gero, aurtengo jaietako maskota aurkeztu zuen. Barraskilo bat da eta «Prontxi» du izena. Aitziber Alava Aiarako Udaleko Kulturako zinegotziak GARAri egindako adierazpenetan azaldu zuenez, «San Prudentzio egunean, Aiaran barraskiloak jatea ohitura da; horregatik hautatu dugu aurten barraskilo baten irudia. `Prontxi' izango da jaiekin islatu nahi ditugun mezuen bozeramailea; berdintasunaren eta ingurumenaren zaintza sustatu nahi dugu aurten».

Bestalde, aurtengo urterako bereziki jai herrikoiak eta parte-hartzaileak bultzatu ditu Aiarako Udalak. Herriko elkarteek eta aiararrek lekukoa hartu, eta atzotik eta biar arteko ekintzak antolatzen «buru-belarri» aritu dira. Horregatik, Aiarako Udalak elkarte horiek eta herritarrak egiten ari diren lan bikaina zoriondu nahi izan zuen, «ekintza guztiak antolatzen gogo handiarekin ibili dira; eta dena, musu-truk», azaldu zuen Alavak.

Berritasun gisa, aurten Jai- mobila izeneko txapelketa antolatu dute: «Aiarako jaien inguruko argazkiak bidaltzean datza lehiaketa hau. Lau kategoriatan dago banatuta, goizeko argazkia, eguerdikoa, arratsaldekoa eta gauekoa. Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki bidali ahal izango ditu, eta irabazleek 50 euroko saria jasoko dute».

Aurtengo egitaraua

Gaur, San Prudentzio egunean, haur danborrada aterako da 13.00etan, eta ondoren, Jose Angel Biguri gaixotasun larria duen Aiarako euskal preso politikoari omenaldia egingo diote. Arratsaldean aldiz, kirola izango da protagonista: batetik, 17.00etan pilota partidak izango dira, baita Pilota Eskolaren erakustaldia ere, Luiaondoko frontoian; bestetik, Jesus Isasiren Oroimenezko XXXII. Txirrindulari Sari Nagusia ere jokatuko da; eta horiez gain, herri kirolen lehiaketa ere antolatu dute, Aiara eta inguruko herriak norgehiagokan, 17.30ean hastekoa.

Gauean, 21.00etan, Aiara Folk Rock eta Diskodantzaren lehen edizioa ospatuko dute. Honela azaldu du Aitziber Alavak zertan datzan: «Aiara inguruko taldeak etorriko dira, Udalak agertokia eta ekipamendua jarri, eta taldeak, euren musika ezagutzera emateko, musu-truk etortzen dira. Rock, pop eta elektronika musika joko dute».

Igandean, goizeko hamaiketan Kexanan, bolo jaurtiketan arituko dira, eta handik ordu erdira umeentzako parkea zabalduko dute; bertan gaztelu puzgarriak, ohe elastikoak, ludo- teka, faunolandia eta aspaldiko partez, buruhandiak izango dira. Aiara dantza taldearen emanaldia ere iragarri dute eguerdirako, 13.00etarako. Arratsaldeko egitarauari begiratuz, nabarmentzekoa da umeentzako «Magiclown, Magia eta Pailazoak» ikuskizuna, 18.30ean. Eta azkenik, gauean, 20.00etan Patxi eta konpainiaren eskutik erromeria izango da; eta horrenbestez, aurtengo jaiei agur esango die «Prontxi»-k.

parte-hartzaileak

Aiarako Udalak aiararrak eta herriko elkarteak zoriondu zituen, aurtengo jaietan ekintza oro antolatzeko hartutako konpromiso eta egindako lan bikainagatik. Hain zuzen, «buru-belarri eta gogo handiarekin ibili dira», adierazi zuten.

«PRONTXI»

«Prontxi» barraskiloa da aurtengo jaietako irudia. «Aiaran San Prudentzio egunean barraskiloak jatea ohitura da; horregatik aukeratu dugu. Bestalde, berdintasuna eta ingurumenaren zaintza aldarrikatzen ditugu aurten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo