Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Alternatiba burujabetzatik pasatzen da
Beste marko bat eta bitarteko berriak ezinbestekoak dira bestelako politikak egiteko. Burujabetza politiko eta ekonomikoa tresna ezinbestekoa daIndependentziaren aldarriaren atzean hainbat arrazoi egon daitezke. Euskal Herria zabala da eta seguruenik zonalde bakoitzean edota interes ezberdinen arabera, modu ezberdin batez bizi da. Geure kultura, hizkuntza eta izaera babesteko modu bakarra, Euskal Herria batzeko eta ez desagertzeko modu bakarra, espainolak edo frantsesak sentitzen ez bagara eta independenteak izan nahi badugu, inork ezin digulako eskubide hori ukatu. Horrelaxe da.
Bitxia suertatu ahal zaio baten bati Maiatzaren Lehenaren ostean horrela hastea artikulu bat. «El País» egunkariari ere, antza, lekuz kanpo iruditu zaio Maiatzaren Lehenean independentziaren aldeko oihuak eta burujabetzaren aldeko diskurtsoak entzutea Donostian. Normala, alde batetik. Estatu espainolean langile borrokak aspaldi utzi zion proiektu sozial alternatibo baten aldeko borroka izateari. Klase borroka eta bere zentzu politikoa itxuragabetzeko ez dute lan handirik izan, zoritxarrez, afiliatuei bidaiak eta ebakuntza estetikoak eskaintzen dizkieten sindikatuen laguntza izanda. Baina klase borroka proiektu sozial, ekonomiko eta politiko biren arteko borroka da, klase bakoitzak berea baitakar. Eta horrelaxe ulertzen jarraitzen dugu askok Euskal Herrian. Aldaketa politikorik gabe ez dago aldaketa sozial posiblerik.
Madrildik ez dator eta ez da etorriko gauza onik, eta erregionalismoa, autonomismoaren porrotaren atzean, nahikoa lan dauka bere kortijoa ez galtzeko fitxak zelan mugitu pentsatzen. Independentismoa da, hain zuzen, momentu honetan euskal langileriari alternatibarako eskaintza egin diezaiokeen bakarra. Eta horixe da funtsa momentu honetan, ez delako aldaketa politikorik etorriko euskal langileriari aldaketa sozialerako aukerarik zabaltzen ez badio.
Proiektua gaurkotzen ari da, gaurkotzeko premia bizia daukagulako, proiektu hori bestelako eredu bat eraikitzeko tresna bihurtu behar delako. Independentziak berez ez digula gauzak beste era batera egitea bermatzen entzuten da askotan, baina proiektu independentista langile klasearen mesedeko eduki eta dimentsio sozialaz horniturik badago, konpetentziarik ez daukan bidea da momentu honetan.
Lau alderdiek atera duten egitasmo sozioekonomikoan azaltzen denez, gauzak beste era batera egin daitezke eta beste era batera egiteko borondate politikoaz gain, Euskal Herrian nahikoa babes sozial eta grina badago. Baina gauzak beste modu batez egitea planteatzea edota aldarrikatzea egungo markoaren mugak kontuan hartu barik, egungo errealitatetik abstraiturik, alferrikakoa da.
Beste marko bat eta bitarteko berriak ezinbestekoak dira bestelako politikak egiteko. Burujabetza politiko eta ekonomikoa tresna ezinbestekoa da. Burujabetza ekonomiaren kontrol politiko eta soziala berreskuratzean datza hein handi batean koiuntura larri honetan, Euskal Herriaren burujabetza eta euskal herri langilearen burujabetza, erabakiak herritarrok hartzea, benetako demokrazia ez ezik, modu bakarra baita erabaki horiek herritarren mesedetan izateko.