GARA > Idatzia > Ekonomia

Kontraturik gabeko hamar lanpostutik bederatzi emakumeek betetzen dituzte

Emakundek kaleratutako ikerketa baten arabera, lan arloan gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak nabariak dira EAEn. Horrela, kontraturik gabeko jardueretan ia %90 emakumeak dira. Enpresa eta instituzio publikoetan ere emakumeen presentzia askoz txikiagoa da.

p026_f01.jpg

GARA |

Emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak nabariak dira oraindik ere, lan esparruan batik bat. Emakundek kaleratutako ikerketa baten arabera, 2010eko datuak kontuan hartuta, 16.400 emakumek kontraturik gabe egiten dute lan EAEn. Guztira 18.600 pertsona daude egoera horretan, eta ia %90 emakumeak dira.

Atzo, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak biltzen dituen txostena aurkeztu zuen Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak Gasteizko parlamentuan bildutako Gizarte Politiken batzordean. Silvestrek esandakoaren arabera, sexu arteko ezberdintasuna nabarmena da, batez ere soldatan eta lan arloan. Horren adierazle da lanaldi partzialeko kontratuen %82 emakumeek betetzea.

Emakumeen lan jardueraren tasa igo bada ere, gehiago dira kontratutako gizonak, baita horien lanordu kopurua ere. Zehazki, 1995etik 2008ra emakumeen lan jarduera %41,3tik %48,3ra igo zen. Ostera, 2010ean populazio ez aktiboaren %60 emakumeak ziren.

Lanorduei dagokienez, zortzi ordu baino gehiago lan egiten duten pertsonen artean %75 gizonezkoak dira. Zortzi ordutik behera lan egiten dutenen kasuan, %20 bakarrik dira gizonak, Emakundek dioenez. Izan ere, adin txikikoen zaintzarako lanorduen murrizketa eskatzen dutenen artean %93,3 emakumeak dira; beraz, horrek azaldu dezake zortzi ordu baino gutxiago lan egiten dutenen artean emakumeak nagusi izatea.

Ikasketetan nagusi

Emakundek kaleratutako ikerketak beste zenbait arlo lantzen ditu. Besteak beste, hezkuntza eta enpresa zein erakunde publikoen mundua. Ikasketen harira, Arte eta Giza Zientzien unibertsitate graduetan matrikulazio gehienak emakumeenak dira, %65 zehazki. Zenbatekoa altuagoa da Osasun Zientzien arloan, matrikulatutako pertsonen %79 emakumeak direlarik. Arkitektura edota ingeniaritzetan ostera, emakumeen matrikulazio tasa %25era jaisten da.

Ikerketak dioenez, administrazio eta erakunde publikoetan emakumeen presentzia askoz txikiagoa da. Esaterako, alkatetzen %22 bakarrik dago emakumeen esku eta enpresen kasuan, zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia %20koa da. Hortaz, aginte organoetan gizonak nagusi direla baieztatu daiteke.

haurren zaintza

Haurren zaintzarako lanorduen murrizketa eskatzen dutenen %93,3 emakumeak dira. Horrek azaltzen du zortzi ordutik behera lan egiten dutenen artean emakumeak nagusitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo